Imanol Alvarez eskubaloi entrenatzaileak Bera Bera lagako du bederatzi denboraldiren ostean

Ermuko entrenatzailea JD Arrate eta Eibar Eskubaloia taldeetan aritu da hainbat urtetan
Imanol Alvarez eskubaloi entrenatzaileak Bera Bera lagako du bederatzi denboraldiren ostean
2026/03/03 11:45
Ekhi Belar Errasti

Bera Bera eskubaloi taldean bederatzi denboraldi igaro eta hamazazpi titulu irabazi ondoren (sei Espainiako Liga, bost Espainiako Kopa, hiru Espainiako Superkopa eta beste hiru Iberiar Superkopa), datorren denboraldian Imanol Alvarez ez da bertan entrenatzaile ariko.

Alvarezek atzo eskainitako prentsaurrekoan adierazi bezala, “aldatzeko beharra” sentitu du. “Ez da erabaki erraza izan, baina gertukook bazenekiten denbora neramala horri buruz hausnartzen”, azaldu zuenez. Dena dela, ez du kirolaren mundua lagako, gazteekin lan egin nahi duelako. “Eta espero du Bera Beran izatea”, zehaztu zuenez.

 

Hainbat urte Eibarren

Ermuan jaioa orain dela 58 urte, JD Arrate, Barakaldo, Caja Vital Kutxa, Arrasate eta Vinarós taldeetan jokatu zuen entrenatzaile bilakatu aurretik. Ermuan neska txikiekin hasi zen eta, gero, mutil gazteak hartu zituen Eibarren, Arrasateko beste talde batez gain.

JD Arratek Asobal ligan jokatzen zuenean Viktor Debre eta Julian Ruizen laguntzaile izan zen eta, taldea desagertu zenean, Eibar Eskubaloiaren lehen entrenatzaile kargua hartu zuen, 2013an Bera Berak deitu zuen arte.

Hasi eta urte betera semea jaio zen eta aldi batez Donostiko taldea laga zuen, Ermuko Errotabarriren ardura hartuz, baina 2018an Bera Berara itzuli zen, gaur arte. Gainera, Espainiako selekzioko gazteak entrenatu izan ditu eta talde nagusian bigarren entrenatzaile izan zen.