Julen Gaston ermuarra nagusitu zen Hiru Txikiak mendi-lasterketan
Eguraldi ezin hobearekin ospatu zen larunbatean, irailak 19, Hiru Txikiak mendi-lasterketa. Ehundaka lagunek hartu zuten parte urtetik urtera gero eta ospe gehiago hartzen ari den lasterketan, eta Ermuko eta Eibarko korrikalariak izan ziren protagonista nagusiak.
Ibilbide luzean, 44 kilometrokoa, Julen Gaston Gorritxategi ermuarra izan zen irabazlea 3:55:06 denborarekin eta jarraian hiru eibartar helmugaratu ziren: Unai Fernandez Maguregi (4:03:55), Mikel Arriola Muniozguren (4:09:40) eta Juan Zubiaurre Atxa (4:11:24).
Euren atzetik Juan Basterra Echeverria (4:16:33) leioarra iritsi zen, eta seigarren postuan beste eibartar bat: Iker Eizagirre Agirregomezkorta (4:18:21).
Emakumeei dagokienez, Anna Fernandez Bonel kataluniarra izan zen azkarrena (4:38:47), Elorrioko Zutoia Odriozola Urkiza (4:55:44) izan zen bigarren eta Sandra Losada Cid ermuarra hirugarren (5:08:32). Lehen eibartarra Eider Sobron Coteron izan zen (5:16:48) eta bere atzetik sartu zen Leire Cabo Garro (5:16:53).
Ibilbide motza
Hiru Txikiak lasterketan 27 kilometroko ibilbidea egiteko aukera ere egon zen eta, hor ere, ermuarrak eta eibartarrak izan ziren nagusi. Azkarrena Andoni Osorio Garcia (2:39:07) ermuarra izan zen, bigarren Oier Beitia Iriondo (2:40:35) herrikidea helmugaratu zen eta hirugarren Xabier Adot Zubiaurre (2:40:38) eibartarra.
Protesta artean
Lasterketa festa giroan ospatu zen nagusiki, baina hainbat protesta egon ziren lasterketaren bezperan jakin zen informazio batengatik. Izan ere, Lorea Totorika mendi-korrikalariak, proba honetan hainbatetan parte hartu zuen ermuarrak, bere Instagrameko kontuaren bitartez lasterketaren antolakuntzarekin zerikusia zuen post bat argitaratu zuen:
“Aurten, lehen aldiz, ez dut Hiru Txikiak Trailen parte hartuko.
Urtero korritu dut nire herriko lasterketan, boluntarioa izan naiz eta trail taldeko kide naiz.
Duela bost urte genero indarkeria jasan nuen.
Erasotzaileak eta biok lan egiten genuen enpresak nire erasotzailearen alde egin zuen, eta langile gisa nituen oinarrizko eskubideak urratu zituen, hura gaitzesten duen epai judizialak adierazten duen bezala.
Gaur egun, enpresa hori lasterketaren babesleetako bat da.
Gertatutakoaren berri izan dute antolatzaileek. Kontatu diet eta epaiak erraztu dizkiet. Hala ere, babesari eustea erabaki dute.
Denbora luzez lotsa eman zidan bizi izandakoa kontatzeak. Aurten, FEREDU hiru babesle nagusietako bat dela jakitean (Udalarekin eta MONROErekin batera) eta lasterketaren helburuetan emakumeen parte-hartzea indartzea sartzen zela ikustean, nire emakume, kirolari eta pertsona balioek isilik egotea eragozten didate.
Lasterketa bat ez dira kilometroak, dortsalak eta helmuga bat bakarrik. Halaber, gauza bera gertatzen da ordezkatzea erabakitzen duen balioekin eta laguntzeko aukeratzen dituen enpresekin.
Lasterketa hau nire herriaren, nire taldearen eta nire bizitzaren parte da. Horregatik, hain zuzen ere, kostatzen zait eta min egiten dit erabaki hori hartzeak, baina min handiagoa emango lidake gehiegikeriaren eta hipokresiaren aurreko isiltasunak.
Zer egingo zenuke zuk egoera hori bizi izan duena izango bazina? edo zure ama, alaba, ahizpa edo laguna balitz?”
Totorikaren argitalpenak hautsak harrotu zituen eta hainbat lagunek, elkartek eta erakundek erakutsi zioten babesa. Era berean, protestak antolatzeko denbora gutxi izanda ere, lasterketara begira zenbait neurri hartuko zituztela adierazi zuten. Adibidez, hainbat pankarta ikusi ziren helmugan eta hainbat parte-hartzailek pankartekin gurutzatu zuten helmuga.
Hiru Txikiak lasterketaren antolakuntzak mezu bat argitaratu zuen bere ikuspuntua adieraziz, eta ez zuen bestelako neurririk hartu.