Kale egoeran daudenentzat udal harrera-sistema martxan ipintzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du END plataformak gaurko Udalbatzarrean

Mozioak 3.040 herritarren babesa dauka. Gaurko elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan Untzagan.
Kale egoeran daudenentzat udal harrera-sistema martxan ipintzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du END plataformak gaurko Udalbatzarrean
2026/06/29 12:54
Silbia Hernandez Arrazola

Kale egoeran daudenentzat irtenbide duina eskatzeko helburua duen END plataformak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, plataformak azken hilabeteetan egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri emateko eta, horrekin batera, gaur (ekainak 29, astelehena) arratsaldean Eibarko udaletxean egingo den Udalbatzarrean aurkeztuko duten mozioaren nondik norakoak azaltzeko. Horrekin batera, etxerik gabeko pertsonen aldeko elkarretaratzea deitu dute gaurko, 19:00etan Untzaga plazan. Mobilizazioaren helburua kale egoeran dauden pertsonen egoera ikusgarri egitea eta harrera-baliabide duinen beharra aldarrikatzea da.


END plataformak jakinarazi duenez, orain arte 3.040 sinadura jaso ditu ekimenak, eta herritarren atxikimendua handitzen ari da. Ekimena nondik datorren gogora ekarrita hasi dute agerraldia: “END plataforma Karmeldarren neguko dispositiboa 2024ko apirilaren erdialdean itxi ondoren sortu zen, gure eskualdean kale egoeran zeuden pertsonentzako berehalako harrera baliabide nagusia zena. END izena haren akronimotik dator, Eibarko Neguko Dispositiboa izenekotik, eta, aldi berean, ingelesezko "end" hitzarekin jolasten du, gure helburua edozein gizarterentzat duin ez den egoera baten amaieran laguntzea baita: kalean baliabide egokirik ez izateagatik lo egitera behartuta dauden pertsonak egotea. Harrezkero, herritarrak sentsibilizatzeko, etxegabetasunaren egoera aztertzeko eta irtenbide egonkor eta iraunkorrak sustatzeko lan egin dugu. Lan horren ondorioz, sinadurak biltzeko kanpaina bat egin dugu, eta 3.040 babes lortu ditugu Eibarren, udalerrian erroldatutako pertsonengandik eta hiriarekin lotura estua duten beste batzuengandik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, sinatu duten guztiei, bilketa-mahaietan parte hartu dutenei eta, azken batean, era batera edo bestera babesa eman duten guztiei”.

Azpimarratu dutenez, ekimen hau ez da Eibarrera mugatzen: “Gure asmoa proposamen hau Debabarrena osora zabaltzea da, baita Ermura ere, izan ere, gure ustez, udal guztiek hartu behar dituzte beren gain arlo honetan dagozkien erantzukizunak, banaka edo eskualdeko lankidetza formulen bidez”.

Plataformaren proposamena ideia sinple batetik abiatzen dela adierazi dute: “Inork ez luke arretarik gabe geratu behar kalean egoteagatik. Horregatik, Udal Harrera Sistema proposatzen dugu, funtsezko hiru elementuz osatua. Lehenik eta behin, berehalako harrera-baliabide bat, larrialdi-egoerei erantzuteko, lehen balorazioa egiteko eta pertsona bakoitza baliabide egokienera bideratzeko. Bigarrenik, eguneko zentro bat, jarraipena, laguntza eta esku-hartze soziala egin ahal izateko. Eta, hirugarrenik, egoitza-baliabideak, hala nola pisuak edo pentsioak, gizarteratze-prozesuak eta autonomia pertsonala bultzatzeko”.


Argi laga nahi dute ez direla aterpetxe batean soilik oinarritutako eredu bat proposatzen ari: “Sistema oso bat proposatzen dugu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako baliabide desberdinekin. Hori dela eta, onartu nahi dugu Udalak planteatutako lan-ildo batzuk, hala nola egoitza-baliabideak edo eguneko zentro bat sortzea, Zarautzen ezarri den proiektuan oinarrituta, positiboak iruditzen zaizkigula eta partekatzen dugun norabide batean egiten dutela aurrera. Hala ere, uste dugu orain arte planteatutako ereduak gabezia garrantzitsu bat duela: ez dakigu nola artatuko diren gaur egun gizarte-zerbitzuen edozein ibilbidetatik kanpo dauden eta berehalako harrera-baliabide bat behar duten pertsonak. Modu errazean esanda, uste dugu edozein sistemak sarrera-ate bat behar duela, berehalako harrera-baliabide bat, gure ustez lehen harrerako aterpetxe baten forma hartu behar duena”.


Beraien ustez, berehalako harrera-baliabide batek larrialdi-zerbitzu baten antzeko funtzioa betetzen du: premiak detektatzea, egoerak baloratzea eta pertsona bakoitza baliabide egokienera bideratzea ahalbidetzen du. Hala ere, proiektuaren funtsezko elementuak ez dituzte oraindik ezagutzen: “Ez dakigu zenbat pertsona artatu nahi diren, ez dakigu zer aurrekontu erabiliko den, ez ditugu ezagutzen ezartzeko epeak, ez dakigu zer baliabide zehatz jarriko diren martxan, ez dakigu nola bermatuko zaien arreta gaur egun sistematik kanpo dauden pertsonei…”.


Azpimarratu dutenez END elkartea, bai gaur aurkeztu nahi genuen moziorako sinadurak biltzeko kanpaina, “etxerik gabeko pertsonen egoeragatik kezkatuta dauden eta 3.040 sinadurek babestutako prozesu herritar eta pluralaren ondorioz sortu dira”. Eta, plataformak aurkeztutako mozioari dagokionez, udal talde guztiekin hitz egiteko prest daudela berretsi nahi dute, eta irailera arteko epea ezarri dute horretarako : “Gure ustez, 3.040 sinadurek babestutako proposamenak eztabaida politiko eta sozial zabala, zorrotza eta lasaia merezi du. Irailera arte zabalik egongo gara udal taldeekin biltzeko, proposamenak entzuteko eta hobekuntzak eztabaidatzeko, betiere ekimenaren oinarrizko printzipioak errespetatuz. Azkenik, adierazi nahi dugu plataformak ekimen hori lantzen jarraituko duela datozen hilabeteetan, irailean proposamena erakunde-eremura berriz helarazteko helburuarekin”.