Langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean
Aurten Eibarren izango da Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak antolatutako egitaraua, eta horren aurkezpena aste honetan, martitzenean egin dute sindikatuko ordezkariek. Debaldea mailan deitutako manifestazioa Untzagatik abiatuko da, 12:30ean, “M1 Langileok eragin” goiburupean, eta aldarri nagusiak hiru hauek izango dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata eta pentsio duinak. Manifestazioa amaitu eta gero, ekitaldi politikoa egingo da eta, ondoren, herri bazkaria (14:30ean Untzaga plazako arkupeetan). Aukera beganoa egongo da. Bazkalostea girotzeko, musika egongo da, Nebarren eskutik. Bazkarirako txartelak LAB sindikatuaren Eibarko, Bergarako eta Arrasateko egoitzetan erosi daitezke (10 euro gazte, langabetu eta prekarioek, 16 euro langileek). Antolatzaileek apirilaren 27a baino lehen erosteko dei egin dute.

Agerraldian esandakoari jarraituz, “munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala dela”.
Horrekin batera, patronala Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko dela ohartarazi dute, “prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez”. Horri erantzunez, Maiatzaren Lehenean LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua. Nabarmendu dutenez, testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen du. Zentzu horretan, enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileak gogoratu dituzte, hala nola, greba mugagabean diren Aiaraldeako bi enpresetakoak, Maderas de Llodio eta Tubos Reunidos.
Bestetik, gogor kritikatu dute patronala, greba orokorrari entzungor egin izanagatik. Ildo beretik, Greba Orokorra egin eta hilabetera “elkarrizketa soziala” instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin batera iragarritako asmoa ere salatu dute sindikatutik.
Amaitzeko, LABek gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko duela adierazi dute:
- Gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalarik ez.
- Zerbitzu publikoak sendotu, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko.
- Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu.
- Industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatu.