Maiatzaren Lehenean langileak kalean mobilizatzera deitu dituzte sindikatuek

Maiatzaren lehen egunean ospatzen den Langileen Nazioarteko Eguna, mundu osoko langileen eskubideen aldarrikapenerako eguna da. Izan ere, ezin dugu ahaztu egun honen jatorria 1886ko Chicagoko grebetan, zortzi orduko lanaldia eskatzeko mobilizazioetan dagoela. Ordutik, maiatzaren 1a lan baldintza duinen, berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu da eta, ohikoa den moduan, sindikatu guztiek kalera irtetzeko deia egin dute aurten ere.
Maiatzaren Lehenean langileak kalean mobilizatzera deitu dituzte sindikatuek
1930eko hamarkadan Eibarren egindako manifestazioa (Argazkia: Memoria Historikoaren Zentroa, Salamanca).
2026/04/30 10:36
Silbia Hernandez Arrazola

Langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean. Aurten Eibarren izango da Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak antolatutako egitaraua. Debaldea mailan deitutako manifestazioa Untzagatik abiatuko da bihar (barixakua, maiatzak 1), 12:30ean, M1 Langileok eragin goiburupean. Sindikatu abertzalearen aldarri nagusiak hiru hauek izango dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak. Manifestazioa amaitu eta gero, ekitaldi politikoa egingo da eta, ondoren, herri bazkaria (14:30ean Untzaga plazako arkupeetan). Eta, bazkalostea girotzeko, musika egongo da, Nebarren eskutik. 
Mundu mailan “zanpaketa eta gerra” nagusi diren honetan, Maiatzaren Lehenean LABek gerraren aurkako mezua irmoki adieraziko duela diote sindikatutik. Horrekin batera, “gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua” aldarrikatuko du sindikatu abertzaleak.

Gutxieneko soldata aldarrikatuko du ELAk Langileen Egunean 
ELAk, bestetik, gutxieneko soldataren alde estutzen jarraitzeko baliatuko du aurten Maiatzaren Lehena, eta sindikatuaren aldarrikapen nagusia ere hori izango da: SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte goiburupean antolatu ditu aurtengo mobilizazioak. 
Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azaldu duenez, “hemengo LGS bat aldarrikatzea ELAren estrategiaren oinarrizko puntua da (sektore askotako negoziazio kolektiboan ere erronka eta faktore erabakigarria da), eta aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori ozenago egingo zaie patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei”. Ildo honetan, Lakuntzak aldarrikatu du Lehendakariak “iniziatiba hartu behar” duela, “batetik, Confebask zuzenean interpelatzeko eta, bestalde, gobernu gisa 1.500eko gutxieneko erreferentzia bere egiteko”. Azken urteetan bezala, Bilbon (11:30ean Jesusen Bihotzetik) eta Iruñean (11:30ean Erorien monumentotik) egingo ditu manifestazioak. Greba orokorra LABekin batera deitu zuen arren, Maiatzaren Lehenean sindikatu bakoitza bere aldetik mobilizatuko da, beraz. 

UGT eta CCOO aurten ere batera 
CCOO Euskadi eta UGT Euskadi sindikatuek aurten ere elkarrekin deitu dituzte Maiatzaren Lehenerako mobilizazioak. Aurreko urteetan bezala, Euskadiko hiriburuetan izango dira manifestazioak. Donostikoa 12:00etan irtengo da, Alderdi Ederretik. Aurten ere lan-baldintzak, soldatak eta eskubide sozialak izango dira ardatz nagusiak, Maiatzaren Lehenerako aukeratu dute lemak (Derechos, no trincheras. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia) argi adierazten duen bezala. 

EHKSren manifestazioa Iruñean 
Bestetik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) “gerra inperialistaren aurka” Iruñean mobilizatzeko deia egin du. Adierazi dutenez, “Maiatzaren Lehena Langileon Nazioarteko Eguna izanik, inoiz baino premiazkoagoa da langileria berriz ere nazioarteko indar bilakatzea, etsaiei aurre egiteko. Mundu erdia suntsitzen eta beste erdia krisialdi betean sartzen ari da Amerikako Estatu Batuak eta Israel buru dituen Mendebaldeko oligarkia: manifestazio honetan NATOren, Europar Batasunaren eta sionismoaren kontra mobilizatuko gara. Horien guztien aurka, eta alternatiba sozialistaren alde”. Iruñeko manifestazioa 12:30ean hasiko da, zezen plazatik eta, hara joateko, Eibarren 10:15ean batuko dira, Ego-Gaineko autobus geltokian.