Martxan da Debabarreneko Etxebizitza Bulegoa
Debegesak, Debabarreneko udalekin elkarlanean, eskualdeko etxebizitza-bulego ibiltaria jarri du martxan otsailean, herritarrei etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari, alokairurako eta energia-eraginkortasuneko laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko.
Bulegoaren egoitza iraunkorra Debegesan (Eibar) dago, baina arreta Deba, Elgoibar, Soraluze, Mutriku, Ermua, Mallabia eta Mendaro udalerrietan eskainiko da, herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko. Arduradunek aurretiko hitzordua eskatzea gomendatzen dute aholkularitza bermatzeko. Deban interesa dutenek 675 87 38 53 (Leire Azpiazu) zenbakira deitu beharko dute hitzordua hartzeko.
1998az geroztik, Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkartea izanik, zerbitzu integrala eskaintzen du eskualdean, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntza emanez, eta herritarrak kontzientziatuz birgaitzeak dakartzan abantailez. 2025ean, esaterako, 1240 lagunek kontsultatu zituzten zaharberritze lanei buruz.
Eskualdeko bulego ibiltariaren jarduera nagusiak
Zerbitzu berriaren funtzioen artean hauek nabarmentzen dira:
- Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
- Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
- Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa…) fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
- Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.
Arreta-guneak eta ordutegiak
Otsaila eta martxoa bitartean ipiniko da martxan, aurretiko hitzorduarekin, puntu hauetan:
- Deba: astelehenetan, 12:45etik 15:30era, Udaltzaingoaren egoitza zaharrean (Portu kalea 3). Hileko azken astelehenetan ezik, zerbitzua Mutrikun eskainiko delako.
- Eibar: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 16:00etara, Debegesan (Azitain Industrialdea 3 BIS).
- Elgoibar: ostegunetan, 8:15etik 12:15era, Herritarren Arretarako Bulegoan (Santa Ana kalea, 2). Hileko azken ostegunetan ezik, zerbitzua Mendaron eskainiko delako.
- Ermua: astearteetan, 8:15etatik 12:15etara, Abiapuntun Komentukua Kalea, 3. Hileko azken astearteetan ezik, zerbitzua Mallabian eskainiko delako.
- Mallabia: hileko azken astearteetan, 8:15etatik 12:15etara (tokia definitzeke).
- Mendaro: hileko azken ostegunetan, 8:15etatik 12:15etara, Herriko Enparantza 10, behea.
- Mutriku: hileko azken astelehenetan, 12:30etik 15:30era (tokia definitzeke)
- Soraluzen: asteazkenetan, 8:15etik 16:00etara, Kalebarren 8.