Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako martxak Eibarko kaleak elkartasunez bete ditu berriro

Ia mila parte-hartzaile izan zuen ekimen solidarioak bere bosgarren edizioan.
2026/06/08 17:59
Silbia Hernandez Arrazola

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako Minbiziaren Aurkako Martxa arrakastatsua izan da aurten ere, eta ia mila parte-hartzaile elkartu zituen ekitaldi solidarioak zapatuan, bere bosgarren edizioan. Ekimenari esker bildutako diru guztia Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak pazienteei zein senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitzeko izango da.
Elkartetik adierazi dutenez, “beste behin ere, Eibarko gizarteak elkartasuna eta elkartearekiko konpromisoa erakutsi du; bere parte-hartzeari esker, paziente eta senide berriak artatu ahal izango dira elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuen bidez: terapia psikologikoa, gizarte-arreta, material ortopedikoaren mailegua, ariketa fisikoa, fisioterapia, nutrizioa eta abar”.
Aurten lehenengoz eskaini dute ibilbidea korrika egiteko aukera, eta horrek ere oso erantzun ona izan du. Beste batzuetan bezala, Ustekabe txarangak musikarekin girotu zuen herritar guztiei zabalik egin zen martxa, hiru kilometroko ibilbide osoan zehar.
Ekitaldian, besteak beste, Jon Iraola Eibarko alkatea, Marisa Arriola Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidentea, eta Katty Nevado Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-eko koordinatzailea egon ziren.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten pertsona guztiei, “izan ere, beraien parte-hartzeari esker Elkarteak minbizia duten paziente eta senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitu ahal izango du Debabarrenean. Eta ez dugu ahaztu nahi beren zeregin desberdinekin ekitaldi hau egitea ahalbidetu duten boluntario guztiak. Eskerrik asko haiei ere, beraiek gabe hau guztia ezinezkoa izango litzatekeelako”. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio, halaber, ekitaldiaren babeslea den Eibarko Udalari, eta proiektu honekin bat egin eta ekitaldian lagundu nahi izan duten gainontzeko babesle eta laguntzaileei ere: Tekniker, Altuna y Uria, Hanna Instruments, Carza Gipuzkoa, Ascensores Beltran, Ojmar, Jaz, Gol, Guria, SD Eibar Fundazioa, El Diario Vasco, Urkotronik, Solan de Cabras, Eibarko Klub Deportiboa, Los 40 Principales, Amaña es la Caña, Noticias de Gipuzkoa, Cadena Ser, Yogures Goenaga, Danobat Group, ENE! Eibarko Nagusien Elkartea, …eta kitto!, Gurutze Gorria eta Unzaga gizarte zentroa”.