Osasungintza erdaldunari sendagaia eman diote Mendaroko ospitalean

Aintzat ekimeneko kideen eskutik, Mendaroko (Gipuzkoa) ospitalean lehiaketa bat egin dute bertako langileek osasungintzan euskaraz aritzeko asmoarekin. Hala, orain arte erdaraz soilik imajinatzen ziren espazioak euskaraz bizitzea lortu dute, baita Osakidetzako zuzendaritzaren eta antolatuta dauden langileen erreakzioa hauspotzea ere.
Osasungintza erdaldunari sendagaia eman diote Mendaroko ospitalean
2026/03/25 13:46
Ekain Carrasco Tellaetxe

Argiako Ekain Carrasco Tellaetxe kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Mendaroko ospitalean zaharrak berri: euskaldunok desobedientziara kondenatuta gaude. Hala iradoki du Korrika jarraitzen ari den Leire Artola lankideak astearteko kronikan, eta hala bizi dute hizkuntzaren afera Euskal Herriko osasungintza euskalduntzeko lanean dabiltzan Aintzat taldeko kideek. Izan ere, Mendaro zonalde euskaldunean badago ere, osasungintza ez da plaza erraza: ez dago modurik osasun ikasketak –ez teoria ez praktika– erabat euskaraz egiteko, osasun sistema barruko dinamika formal guztiak erdarazkoak dira, paziente euskaldunei ezin zaie arreta osoa beren ama hizkuntzan eskaini –ez ahoz, ez idatziz–, langileentzako formakuntzak erdaraz dira, berdin egoiliarrentzako gidak eta historia klinikoak (paziente bakoitzaren osasun erregistro guztiak batzen dituen datu base zabala).

Ospitaleko langile eta Aintzateko kide den Unai Larrinagak egoera kuriosoa deskribatu digu: “Nahiz eta pazienteekin euskaraz egin, guk automatikoki itzulpenak egin eta erdaraz idazten genituen historia klinikoak bere osotasunean”. Nola eman buelta egoerari? Lehiaketa bat antolatu zuten.

Irailaren 15etik abenduaren 22ra bitartean, parte hartzaileak historia klinikoan txosten edo bilakaera orri bat euskara hutsean idazten zuen bakoitzean, marratxo bat gehitzen zion bere kontagailuari. Hiru hilabeteren buruan, marratxo gehien bildu zituenak irabazi zuen txapelketa. “Umoretik lankideak xaxatu” eta engaiamendua lortzeko apustua izan zen. Pentsatu eta lortu: guztira 34 erizain, sendagile eta fisioterapeuta batu ziren. Irakurleari zifra txikia iruditu ahal zaio hasiera batean, baina Larrinagak adierazi duenez konpromisoa hain izan da handia, kualitatiboki ere eragin handia izan baitu: “Lortzen ari gara orain arte bakarrik erdaraz imajinatu genitzakeen eremuak euskaraz imajinatzea eta, batez ere, pazienteei osasun arreta bere hizkuntzan ematea”, diosku Larrinagak.

Txapelketaren ostean, atsedenik ez. Parte hartzaileen artean hausnarketa eta asanblada prozesuak egin dituzte. Diagnostikoa: "Asko kostatu zaigu terminologia biomedikoa euskaratzea, guztiz erdaraz jaso dugulako idazketa", aztertu du Larrinagak. "Badago euskarazko terminoen liburu bat, inoiz praktikan jarri ez dena, eta horretan gabiltza. Bolbora asmatuta zegoen, guk erabilpena eman diogu".

 

“Osakidetzako hizkuntza politika negargarria da”

Lehiaketa desobedientzia ariketa bat izan da. Langileen kabuz antolatu zuten, eta zuzendaritza eta euskara teknikaria ez dituzte lagun izan. Are, “Osakidetzako zuzendaritza nagusitik iritsi zitzaigun notifikazio ofizial bat esanez debekatuta genuela euskara hutsean idaztea historial klinikoak”. Hor ere borroka dute. “Osakidetzako hizkuntza politika nahiko negargarria da”, kexatu da Larrinaga.

Muga guztiak ez datoz goitik, baina. Lankideekin ere izan dituzte liskarrak eta salaketa mehatxuak. “Tentsioa nabaritzen da, baina guztiz erdaraz funtzionatu duen leku batean euskara txertatzea beti da kontrako noranzkoan doan lanketa”.

 

Lehiaketa gehiago, manifestua, hitzaldiak, salaketak...

Borrokan ez dute atsedenik hartu Aintzateko kideek. Lehiaketaren ekimena Euskal Herri osoan hedatzeko asmoa dute orain. Esaterako, Donostiako Ospitale Unibertsitarioan martxan dute jada. Urte berriarekin batera hasi zen, eta dagoeneko bukatzear egongo da. Debabarrenako lehen arreta sarera eta Eibarko zentrora hedatzea ere aurreikusten dute, Aste Santuaren ondoren; eta Gasteizko Txagorritxu ospitaleko langile talde bat ere prest dago urtean zehar lehiaketa egiteko.

Bestalde, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ekin Osasungintza euskalduna behingoz izeneko manifestua egin zuten, hiru aldarri nagusirekin: 1) osasungintza ikasketak (bizi osoko formakuntzak barne) euskaraz egitea, 2) pazienteen euskarazko arreta prozesu osoan bermatzea, eta 3) osasun sistemaren ebaluaketa hizkuntzaren ardatza aintzat hartuta egin ahal izatea. Horrekin batera, hitzaldiak eman zituzten hainbat herritan, eta baita sinadura bilketa egin ere. Hezkuntza mundura salto egitea ere lortu dute, Ikamaren eskutik, eta datorren astean hitzaldia emango dute EHUko Leioako campusean.

Hori guztiaz gain, hizkuntzaren normalizazioaren aurka dauden plataformen salaketetan parte hartu dute. ARGIAk egindako ikerketaren lerro beretik, iaz identifikatu zuten Osakidetzako langile talde bat euskararen hizkuntza eskakizunen kontrako lanketa bat egiten. Euren atzean, CCOO eta UGT zeuden.