Otsailaren 3, 4 eta 5ean egingo da Eibarko X. Gilda Lehiaketa
Indartsu dator aurten ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen Gilda Lehiaketa, 18 tabernak eman baitute izena otsailaren 3, 4 eta 5ean egingo den lehiaketan. Honakoak dira X. edizioan parte hartuko duten tabernak: Akara, Ametsa, Azkena, Baco Leku Ego Gain, Baco Leku Urkizu, Baisi, Banaka, Beleko, Bossa, Depor, Guridi, Kontent, Koskor, Kultu, Nuvola, Topa Leku, Trinkete eta Zelai Bide.
Epaimahaian ez da aldaketarik izango, Mireia Alonso, Josu Mugerza eta Xabier Albizuk jardungo baitute gildarik onenak aukeratzen. Bi sari emango ditu epaimahaiak, gilda tradizional onenari bata eta berritzaileenari bestea. Horrez gain, herritarrek ere izango dute zer esan, euren botoek erabakiko baitute hirugarren saria. Horretarako bozketarako kutxak egongo dira tabernetan, eta botoa eman duten bezeroen artean sasoiko produktuz osatutako otar ederra zozketatuko da.