Pertsona guztientzako pentsio duinak eskatzeko manifestazioa egin dute pentsiodunek Gasteizen
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean (maiatzak 7, eguena) pentsiodunek, pertsona guztientzat pentsio duinak exijitzeko eta, horrekin batera, gutxieneko pentsioen osagarria LGS Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino berdintzeko konpromisoa ezin dela gehiago atzeratu Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gogorarazteko. Guztira 2.000 pentsiodun egon dira gaurko mobilizazioan, tartean Eibartik eta Debabarreneko beste herrietatik Gasteizera joandako hainbat lagun.
Horrekin batera, pentsiodunek proposatutako Herri Ekimen Legegileari (HEL) Eusko Legebiltzarrean jarritako betoa salatu dute, beste behin: “Sei hilabete igaro dira jada EAJk, PSEk eta VOXek gure HEL Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeari betoa jarri ziotenetik. EAEko Gobernuak eta berau babesten duten talde parlamentarioek, jasotako 145.000 sinadurak eta sindikatu guztien eta ehunka erakunde sozial eta feministen babesa gutxietsi zituzten”.
Gauzak horrela, gaurko manifestazioarekin, pentsiodunek Eusko Jaurlaritza iritziz aldatzera presionatu nahi dute, eta horrela, euren proposamenari erantzutea lortu. Pentsiodunen Mugimendutik adierazi dutenez, “argi dugu EAJ-PSEren koalizio gobernuak eta kontrolatzen duten parlamentuaren gehiengoak eskaera horri kasu egingo diote soilik, gizartearen erantzun indartsu bat badute aurrez aurre”.

