Urriaren 16an amaituko da Gure Balioak 2026 Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea
Urriaren 16a izango da Gure Balioak 2026 Sarietarako hautagaitzak aurkezteko azken eguna. Sariak Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak antolatzen ditu Laboral Kutxaren babesarekin, Debabarreneko pertsona eta proiektuen konpromisoa eta gizarte-balioak aitortzeko.
Aurtegoan ere hiru kategoria sarituko dituzte. ‘Bizitza osoko ibilbidea’ kategorian, pertsona batek bere bizitzan edo ibilbidean zehar ordezkatu dituen gizarte-balioak aitortuko dituzte, eta irabazleak Oihane Ortega artistaren Muin-fluxua obra jasoko du. ‘Gizarte ekimena’ kategorian, berriz, gizartean eragin positiboa duten eta komunitateen bizi-kalitatea edo ongizatea hobetzen laguntzen duten proiektuak sarituko dituzte. ‘Gazte ekimena’ kategorian, Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartuko dituzte. Azken bi kategorietako irabazleek 2.000 euro jasoko dituzte.
Hautagaitzak edonork aurkez ditzake, bere burua edo proiektua proposatuta zein beste pertsona edo ekimen bat aurkeztuta. Horretarako, Debegesaren webguneko sari bakoitzari dagokion formularioa bete behar da.
Gure Balioak sariak 2010etik 2020ra urtero banatu zituzten, eta 2024tik aurrera bi urtean behin egiten dira. Debegesaren arabera, integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza dira sariek aitortu nahi dituzten balioetako batzuk.