Debabarreneko bertsolariak | Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren saioa, Eibarren
Bertsolaritza ez da beti bakarkako lehia, ezta plaza handietako txapelketa soil bat ere. Batzuetan, aitzakia da elkartzeko, kantatzeko eta sareak ehuntzeko. Horixe ari da gertatzen aurten Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa delakoan, Debabarrenean bereziki, hiru herri eta lau talderen arteko lehia baino askoz gehiago baita.
Lehen kanporaketa otsailaren 20an jokatu zuten Soraluzeko Gaztetxean, Xarmaginak (Eibar) eta Arnoate (Mutriku) taldeen artean. Saio xumea izan zen, entzule kopuruari dagokionez, baina parte-hartzaileen esanetan, giro goxoa eta erosoa nagusitu zen. “Saio polita izan zen, ariketa desberdinak egon ziren eta gustura kantatzeko moduko giroa sortu zen”, azaldu du Eneko Beretxinagak (BertSora). Alexander Idoetarentzat (Arnoate), gainera, berezia izan zen beste arrazoi batengatik: Arnoate taldeko kide Bihotz Basterretxeak lehen aldiz hartu zuen parte Herriarteko batean. “Urteak daramatzagu elkarrekin bertso eskolan, eta ilusio handia da ikaslea lehen aldiz halako saio batean ikustea”, aitortu du.
Lehen aldia askorentzat
Nahiz eta Herriartekoa ez den egitasmo berria —1999an eta 2017an ere jokatu zen Gipuzkoan—, Debabarreneko parte-hartzaile askorentzat lehen esperientzia izaten ari da. Eibarren kasuan, esaterako, lehen aldiz aurkeztu dute taldea. Maialen Bergarak (Xarmaginak) azaldu duenez, hasieran zalantzak izan zituzten, baina azkenean pausoa ematea erabaki zuten: “Pozik gaude, eta uste dut Herriartekoak beste indar edo ‘punch’ bat hartu duela aurten”.
Malen Aldalurrek (Alkolea) ere antzeko sentipena du, eta bere esperientziatik hitz egiten du: “Bertso eskolan gabiltzan askok ez dugu ohitura handirik plazan kantatzeko; askotan ikasketa-prozesuan gelditzen gara, eta lehiaketarako jauzia ematea kostatzen da”. Haren ustez, Herriartekoaren talde izaerak bide berri bat irekitzen du bertsoaren praktikara: erronka ez da norberarena bakarrik, kolektiboa baizik, eta horrek konfiantza sortzen du. Taldeak elkartzera, elkarri entzun eta entrenatzera bultzatzen ditu kideak, eta horrek plaza beldur gutxiagorekin zapaltzeko aukera ematen du.
Formatuak ematen duen askatasuna
Parte-hartzaileek nabarmendu dute Herriartekoaren formatuak baduela zerbait berezia. Ariketak, oro har, ohiko txapelketetakoak izan arren, antolaketa taldeka egiten da, eta horrek logika desberdina dakar. Gainera, amaieran talde guztiek elkarrekin kantatzen duten kopla-saioa izaten da, saioari kutsu kolektibo eta parte-hartzaileagoa emanez. “Horrek beste giro bat sortzen du”, azaldu du Bergarak.
Aldalurrek ere argi du: “Txapelketa batean inoiz atrebituko ez zen jendea animatzeko aukera polita da. Taldean kantatzeak beldurra kentzen du”. Presioa banatu egiten da, eta norbera ez da bakarrik sentitzen oholtza gainean. Horrek, gainera, hasiberrientzako ariketak sartzea ere ahalbidetzen du, belaunaldi berrientzako ateak irekiz.

Parte-hartzaileek nabarmendu Debabarrena mailan, bertsolaritza sektorea gaztetxoen eskoletan oinarritzen dela nabarmendu dute bertsolariek. Eneko Beretxinagaren arabera, azken urteetan hainbat talde sortu dira, eta herri gehienetan daude gaztetxoentzako bertso eskolak. “Gaztetxo esaten dugunean, 9-13-14 urte bitarteko umeez ari gara. Bertsozale elkarteek bideratu eta lagunduta, azken urteetan eskualdean bertso eskolak sortu dira adin tarte horri dagokionez. Horrez gain, hezkuntzan transmisio proiektuaren barruan, 8-12 urte bitarteko gaztetxo gehienek parte hartzen dute Debabarrenean”, azaldu du Beretxinagak.
Helduen artean, berriz, parte-hartzea ez da beti konstantea. “Foku ezberdinak daude: batzuk maizago aritzen dira bertsotan, eta beste batzuk egoeraren arabera edo aukeren arabera aktibatzen dira. Badago jendea bertsotan egiteko elkartzen dena, beste batzuk antolakuntzan aritzen dira saioak prestatzen, eta baita irakaskuntzan eta transmisio lanetan dihardutenak ere. Herriarteko proiektuak, bereziki, balio digu pixkat inguratzeko, elkarren artean egoteko, berba egiteko eta sare hori sortu edo trinkotzeko”, gehitu du.
Eibarren, berriz, pozgarria da lehendabizikoz talde bat sortzea Herriartekoan parte hartzeko. Maialen Bergarak azaldu duenez, “gonbidapena heldu zitzaigunean, zalantza handiak izan genituen, baina oso pozik gaude lortu dugulako. Gainera, ikustea Debabarrena mailan hiru talde lortu direla ere pozgarria da”. Alexander Idoetak ohartarazi du Mutrikuko Bertso eskolak ibilbide luzeagoa duela eta beste lekuetan sortzen diren taldeak desagertu egiten direla sarritan. “Orokorrean, bertsolaritza egoera hauskorrean dago, batzuetan gutxirekin pozten gara, eta modu relatiboan begiratu behar da. Nik uste dut jarduera hau egoera hauskorrean dagoela”, adierazi du.

Transmisioa eta tradizioa, halaber, ekimen txikietan ere ikusten da. Eneko Beretxinagak adierazi du azken urteetan bertso paper lehiaketak, hala nola Mutrikuko ‘Okelar Bertsopaper sariketa’, zenbait urtez antolatu gabe egon direla. Mendaroko ‘Mendaro Txirristaka’-ren kasuan, berriz, 2024an 150 urte bete ziren Eusebio Mugertza Txirristaka jaio zela; hori ere transmisiorako baliagarria izan da, batez ere hezkuntza arauturako.
Alexander Idoetak nabarmendu du eskualde hau historikoki ez dela bertsozaletasun handiko gune, nahiz eta eskualdeko bertsolariak dauden. “Baina gauzatxoak ateratzen dira, eta pozteko arrazoiak ematen ditu. Batzuetan gutxirekin pozten gara, baina konturatzen zara gutxi behar dela guztia desegiteko, eta egoera hauskorra dela”, gehitu du.
Bigarren saioa, Eibarren
Orain, begirada bigarren kanporaketan dute jarrita. Gaur, Deporren, Alkolea (Mutriku) eta BertSora (Soraluze) taldeak ariko dira nor baino nor. “Ondo pasatzea espero dugu, nahiz eta urduritasuna hor egon”, dio Aldalurrek.
Azken mezua, berriz, argia da: herritarrak bertara gerturatzeko deia luzatu dute bertsolariek. “Animatu etortzera, saio polita izango da eta giro erosoa sortuko dugu”, azpimarratu du Bergarak.