Aitziber Garmendia, Gure Kasa-ko Zuriñe, Txikitto!-ko protagonistetako bat

Aitziber Garmendia, Gure Kasa-ko Zuriñe, Txikitto!-ko protagonistetako bat
2019/02/19 eta kitto!
Eibarko 6 eta 12 urte bitarteko haurrek aste honetan jasoko dute Txikitto! aldizkariaren otsaileko alea. Oraingoan portadan oso ezaguna den aurpegi bat jarri dugu: Aitziber Garmendia.  Aktore eta umorista gipuzkoar honek antzerkian, telebistan eta zineman egin du lan eta gaur egun ETBko Gure Kasa saioan azaltzen da Zuriñe izeneko neska gotikoaren paperean. Barre algarak eragiten dituen zaldibiarrak pozarren erantzun die Txikitto!-k egindako galderei.

Ikasleekin berriketan atalean Amañako ikastetxeko 5. mailako ikasleak Jose Ramon Soroizen “Tramankuluak” antzezlana ikusten egon dira Portalea kultur etxean. Saioarekin irudimenaren eta ipuinen sormenaren inguruan une atseginak pasatu zituzten, euren hitzetan antzeman dezakegun moduan. Eta La Salle ikastetxekoek "Azeriak, oiloak eta sugeak" jolasa erakutsi digute. Hau da eurekin egin dugun bideo aparta:

Oraingoan Ikastetxeetako berriei –eta bidali dizkiguten argazkiei– inoiz baino leku gehiago eskaini diegu, benetan interesgarriak baitira eskola guztietan antolatzen dituzten jarduerak.  Horrez gain, Ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina; eskulanak eta sukaldaritza errezetak; liburuak… Ziur gaude primeran pasatuko duzuela!

https://www.youtube.com/watch?v=Ky9c0tH1ppY&feature=youtu.be

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak