Eibarko Klub Deportiboko Kultura Batzordea

Eibarko Klub Deportiboko Kultura Batzordea
2023/01/04 eta kitto!
Helburuak eta eskainitako zerbitzuak
Kultura batzordeak mende erdia baino gehiago darama lanean euskal kulturak barnean biltzen dituen espresio desberdinak, ohiturak, folklorea eta euskara bera sustatzeko asmoz. Ekimen parte-hartzaileak antolatzea du helburu, euskara bizkar hezurra delarik.

Ekintza nagusiak
Bere eginkizunik nagusiena, urtero, maiatzaren azkenengo asteburuan Euskal Jaia antolatzea da. Egitarauan Euskal dantzak garrantzi berezia hartzen badu ere, artisautza, musika, bertsolaritza, herri kirolak, eta abar luze baten adierazleak ere jorratzen dira.
Klub Deportiboko filosofiari jarraituz bere funtzionamentua elkarlanean eta parte-hartzean oinarritzen du. Horretarako, egun, Klub Deportiboko Kezka dantza taldeaz eta Kultura batzordeaz gain, herriko hainbat elkarte eta eragilek hartzen dute parte jaiaren garapenean.
Kultura batzordeak Eibarko Euskalgintzak antolatzen dituen ekimenetan ere bere ekarpena egiten du.
Kultura batzordea Deporreko lokaletan biltzen da astero urtarriletik ekainera eta maiztasun txikiagoarekin gainontzeko hilabeteetan, beharren arabera. Batzorde zabala da eta ateak zabalik ditu parte hartu nahi duten guztiendako, antolakuntzan parte hartzeko, ekarpenak egiteko edota norberak nahi duen guztirako.

Helbidea:  Toribio Etxebarria, 16 - 1.
Telefonoa: 943 20 19 04 (bulegoa)
610 44 87 00 (Mariano)
E-maila:  euskaljaia@deporeibar.com