Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Zergatik ziztatzen naute beti eltxoek?"

2022/11/22
Betidanik etxean egon diren eltxo guztien itua ni izan naiz eta amamak esan ohi dit odol oso goxoa daukadalako gertatzen dela hori. Egia esan, izenburuko galderak lanpetuta mantendu ditu zientzialariak azken urteetan eta, ebidentziek iradokitzen dutenaren arabera, eltxoentzat erakargarriagoa izatea eragiten duena pertsonen usain propioa da. Zehatzago esanda, Rockefeller Unibertsitateko ikerketa talde batek aurreko hilabetean argitaratutakoaren arabera, gizakion azaleko bakteriek osatzen duten azido karboxilikoaren usain garratza eltxoentzat iman bat da.

Ondorio horretara iristeko 64 boluntariok sei orduz nylonezko mahukak jantzi zituzten, horrela azalaren usain berezia biltzeko helburuarekin. Ondoren eltxoak mahuka horietara hurbildu zituzten beraiekiko erakargarritasuna aztertzeko. Esperimentu hori hiru urtetan zehar errepikatu zuten, eltxoen erakargarritasunaren balorazioa denboran zehar egonkor mantentzen zela ondorioztatuz, eta pertsonek izan dezakegun dietaren edo larruazaleko produktuen erabilerak eraginik ez zuela identifikatuz. Horren ostean mahuketako laginen analisi kimikoa egin zuten eta konturatu ziren eltxoentzat erakargarrien ziren pertsonen gorputz usainean azido karboxiliko maila handiagoa zela.

Eltxoentzat imana izatea eragiten duen mekanismoa ulertzea baliagarria izan daiteke hilkortasun tasa handiak eragiten dituzten gaixotasunak (zika, dengea, sukar horia…) transmititzea saihestu dezaketen esku hartze berriak garatzen hasteko. Horien artean eltxoak uxatzeko produktu eraginkorragoak sortzeko oinarria izan daiteke.

Albistean gehiago sakondu nahi duenak “Cell” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI: 10.1016/j.cell.2022.09.034).