Imanol Magro
Imanol Magro

"Argazkia"

2021/10/25
Hainbat herritarren ikusmina sortu zuen argazkia ikusi genuen iragan asteko berripaperetan. PSE eta EH Bildu alderdietako Eibarko ordezkariak mahai beraren bueltan eserita. Ezaguna da akordioa sinatu dutela herriaren behe aldea biziberritzen laguntzen beharko lukeen obra handi bat abian jartzeko. Bide batez, bazegoen premia, bestela galdetu Barrena inguruko biztanleei. Beste eztabaida batzuk dira hori den zonaldeak behar duen bultzada, aurretik auzoetako biztanleen iritzia galdetu behar al zen edota Europako Funtsak itsu-itsuan onartu behar diren ala ez, baina argazkia ikusi genuen, eta baita azalpenak entzun ere, euskaraz gainera.

Ez da bi alderdi horiek norabide berean arraunean ikusten ditugun lehen aldia, baina oraingoan pauso bat aurrerago joan direla dirudi. Lagun giroan askotan esan dut ez nindukeela harrituko bi alderdi horien arteko lehen udal gobernua Eibarren izatea. Herrian kultura politiko ezberdina izan dugu historikoki, edo hala uste dut nik. Beste kode batzuetan mugitu izan gara Eibarren eta argazkia horren ereduetako bat izan daiteke. Honekin ez dut esan nahi beste alderdi batzuk baztertu behar direnik, ezta inondik ere. Hanka sartze erraldoia litzateke. Izan ere, egin al daiteke politika Euskal Herrian EAJ kontuan izan gabe? Ezkerreko balizko akordio batek ba al du zentzurik Elkarrekin Podemos gabe?

Udal politika askotan lurralde mailakoaren satelitea izan ohi da. Herrietako zinegotzien nahiek alderdien aparatuen estrategiekin egiten dute talka, eta haien menpe daude. Inork gutxik hausten du alderdi disziplina eta horrelako argazkiak gai zehatzetan lortzen dira bakarrik. Horregatik uste dut egungo orekak aldatzea ez dela epe motzeko kontua izango, baina bai dirudi behintzat jokalekua apurka aldatzen ari dela eta hori aberasgarria da guztiontzat. Duela hamar urte ia ezinezkoa litzateke horrelakorik ikustea; beraz, bada zerbait, gizarte bezala aurreraka goazen seinale. Normaltasun berria, agian, uste baino kontzeptu zabalagoa izango da.