“B7, aukera osasuntsua?” (Iraia Muñoa)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“B7, aukera osasuntsua?” (Iraia Muñoa)
ETA KITTO 2021, Aza 07

Gaur egun “vending makinak” edonon aurkitu ditzakegu: merkatal zentroetan, lantegietan, ospitaletan, kalean eta baita unibertsitatean ere. Ikerketek diotenez, gure herrialdean makina bat dago 80 biztanleko; harrigarria, ezta? Laneguna izan edo jaieguna, modu erraz batean janaria lortzeko aukera ematen digute. Baina, nolakoa da bertan aukeratzeko daukagun janaria?

Ideia hori ardatz hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateko “Elikadura Jasangarria” ikerketa taldeak unibertsitateko “vending makina” guztiak aztertu ditu (102 Bizkaiko campusean, 35 Arabako campusean eta 65 Gipuzkoako campusean), bertan eskaintzen diren elikagaien kalitatea nolakoa den zehazteko. Bertatik ondorioztatu dute makinetako elikagaien erdia (%48,6) kalitate nutrizional baxukoa dela eta elikagaien hiru laurdena (%73,8) prozesatutako produktuak direla. Horien artean, elikagai salduenak gozoak dira (aukera guztien %23,4), kafea (%20,3) eta baita gosegarri gaziak ere (%11,7). Horretaz gain, kalitate nutrizional altuko elikagai eta edariak garestiagoak direla baieztatu dute eta, makinan izaten duten ezkutuko kokapena dela eta, ez direla behar bezala sustatzen.

Ikertzaileek diotenez, gainpisuak eta obesitateak horrenbesteko eragina duten garai hauetan, unibertsitatea bezalako inguruneak gune egokiak dira gaitz hauen aurrean prebentzio neurriak hartzen hasteko. Ikerlan honetan lortutako emaitzak, beraz, abiapuntu izan daitezke interbentzio eta politika berriak garatzeko eta, era berean, ingurune aldaketa baten bidez kalitate nutrizional altuko produktuen aukeraketa ugariagoa eta errazagoa egiten hasteko.

Albistean gehiago sakondu nahi duenak “International Journal of Environmental Research and Public Health” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI: 10.3390/ ijerph18136842).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »