“Carmen Garcia Pellon” (Mikel Arrillaga)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Carmen Garcia Pellon” (Mikel Arrillaga)
ETA KITTO 2019, Eka 05

Guardia zibilek atea jo, aita atxilotu, kuartelera eraman, akabatu eta errepide ertzean ehortzi zioten, beste sei lagunekin batera, Jainkoaren eta Espainiaren izenean. Delitua? Zinegotzi errepublikazalea eta UGT-koa izatea.  Ondoren, lurrak eta jabetzak ostu zizkien garai hartako alkate frankistak. Horixe adierazi zuen Carmen Garciak historiaren inguruko ikerketa batean.

Pentsa dezakegu: Hori egin ziotenek aitortuko zuten eragindako kaltea, eskatuko zioten barkamena emakumeari, eta askotan azaldu hura injustua izan zela, bidegabea oso… Biktima honek jasoko zuen bere aitorpena, erreparazioa…

Ez ba… Jasandako guztia gutxi ez, eta epaitegira joan behar izan du deklaratzera 90 urteko emakumeak, Esako (Nafarroa) alkateak, garai hartako alkate frankistaren bilobak, adierazpen horietan atzera egiteko eskatuta. Carmenek aurrera egin, ordea: “Egia esatea da gelditzen zaidan bakarra”. Berrian adierazi zuenez, “36ko matoien seme-alabek agintzen dute orain herrian”. Ikaragarria.

Zortzi urterekin aita akabatu zioten, eta 82 urte geroago beste umiliazio bat gehiago. Bistan da pertsona guztiok ez dugula berdin balio. Ez zuen Evaristok gezurrik esan: “No somos nada! Somos los nietos de los que perdieron la guerra civil”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »