“Denbora” (Unai Artetxe)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Denbora” (Unai Artetxe)
ETA KITTO 2019, Urr 28

Denbora gehiago eskatzen du hil zorian dagoen gaixoak. Senideekin, lagunekin edo bere buruarekin egoteko astia behar izaten du amaieratik gertu dagoenak. Azken hatsa eman aurretik atzera begiratu ohi dugu, iraganera, gibelean utzitako hori berriz ere parez pare izango ez dugunaren jakitun.

Bizitza hori omen da. Denbora. Eta gertuko norbait joaten zaigunean baino ez ei gara horrekin jabetzen. Tristea da gero!

37 urte bete ditut aurten. Ez zahar, ez gazte. Gauzak ondo bidean, bizitzaren erdia joan zait. Ez naiz orain arteko ezerekin damutzen. Egindako okerrak orain naizena izateko balio izan didate, eta seguru asko oraindik ere egingo ditudanak etorkizuneko pertsona hori izaten lagunduko dute.

Goizeko kafea hartzen nagoela egunkarian eskelak begira ari naizela jabetu naiz. Aldamenean dudan amamak horrelakoei begira egoteko oraindik gaztea naizela bota dit. Ez nau lasaitu. 42 urteko mutila. 34 urteko neska. Aiton-amona dezente. Bizitzaz gozatzeko batere aukerarik ez duen umerik ere ikusi dut.

Bizitza denbora da. Eta nik argi dut oraindik ere denbora luzez bizi nahi dudala, nire ingurukoekin, maite dudanekin, nire buruarekin, eta etorkizunean etorriko direnekin. Uneren batean astirik gabe geratuko banintz, gaur bertan, bihar, etzi edo tokatzen denean, seguru nago atzera begiratu eta nik neuk ere denbora gehiago eskatuko nukeela.

Bizitza denbora da, bai. Baina denbora asko edo gutxi, zeinek daki? Denbora gozatu! Bizi!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »