“Distopia” (Lorea Arakistain)

0    Iritzia 
Ana
“Distopia” (Lorea Arakistain)
2018, Urr 08

Black Mirror-en lokalizazio bat irudiko luke, egia ez balitz. Aurpegiak ezagutu, gorputzak eskaneatu eta kokapena jarraitzeko 200.000.000 kamerek herritarrak zelatatuko dituzte. Sistemak herritarren mugimendu guztiak erregistratuko ditu: kontu korronteen egoera, erosketak, familia eta, bereziki, iritziak.

George Orwellen eleberri bat irudiko luke, egia ez balitz. Anaia Handiak informazio guztia prozesatu eta herritar bakoitzaren puntuazio-sistema eguneratuko du denbora-errealean. Kirola eginez, umeez arduratuz eta sistema defendatuz puntuak lortuko dituzte herritar eredugarriek. Zordunek, bizikleta gaizki aparkatzen dutenek, garagardoa edan eta agintariak kritikatzen dituztenek, ostera, puntuak galduko dituzte.

Distopia bat irudiko luke, egia ez balitz. Herritar ez-fidagarriak, puntu gutxiago dituztenak, zigortuko dituzte haien eskubideak mugatuz. Hauek, ezingo dute hegazkinik edo abiadura handiko trenik hartu, tren geldoa baizik. 800eko puntuaziora gerturatzen direnak sarituko dituzte hoteletako logelarik onenak ez ezik lanposturik onenak emanez.

Horrela sortzen dira klaseak eta hauen bitartez mantentzen da sistema kontrolpean. Kreditu Soziala da eta gertatzen ari da. Segurtasunaren izenean, Txinan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »