“Elikagaiekiko menpekotasuna?” (Iñaki Elortza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Elikagaiekiko menpekotasuna?” (Iñaki Elortza)
ETA KITTO 2021, Ots 05

Elikagai edo janariekiko menpekotasuna zientzialarien artean eztabaida sortzen duen gaia da. Horietako askorentzat menpekotasun hori benetakoa den bitartean (janaria droga balitz bezala), beste asko eszeptikoak dira gai horren inguruan.

Ustezko menpekotasun hori obesitatearen edo gehiegizko pisuaren arrazoietako bat izan daiteke, eta horiek artatzean egoten diren porrot ugariena ere. Horrek indarra kenduko lioke hainbestetan aipatzen den borondate gabeziaren ideiari.

Beste menpekotasun batzuen eragileak erraz ezagutzen baditugu ere (drogak, alkohola, jokoa, tabakoa…), elikagaien kasuan ez da identifikatu berak bakarrik menpekotasuna sortzeko gaitasuna eduki dezakeenik. Aldiz, gai honi buruz galdetzen denean askotan aipatzen dira izozkiak, txokolatea, patata frijituak, pizzak eta antzerako ultra-prozesatuak. Ogia ere oso ohikoa da zerrenda horretan.

Ultra-prozesatuek, alde batetik, azukre asko dute (gehienetan etsai nagusi bezala hartzen duguna), eta, bestetik, koipe, gehigarri eta gozatzaileak edukitzen dituzte euren konposizioetan. Gainera, oso proteina eta zuntz gutxi dute, eta biak daude oso lotuta asetzeko gaitasunarekin.

Produktu horiek sortzen duten plazer eta menpekotasun handiaren atzean honakoak egon daitezke: gehiegizko prozesamendua, lortzeko erraztasuna, osagai-konbinazioa, asetzeko gaitasun txikia, horien digestioan agertzen diren opioide eragina duten peptido batzuk, etab..

Zalantzarik gabe, menpekotasunean oinarritutako ikuspegi honek osasun publikoaren arloan obesitatea eta beste gaixotasun kroniko batzuk ekiditeko hartzen diren neurrien gida izan behar du. Neurri horien artean egongo lirateke publizitatearen murrizketak, salneurrien erregulazioa, eskuragarritasunaren kontrola eta oharrak ontzietan.

Beste alde batetik, ikuspegi honek gu ere kontzienteago egin behar gaitu, horiek erosten ditugunean edota ume bati eskaintzerakoan adibidez.

Zaindu!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »