“Finalak” (Mikel Arrillaga)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Finalak” (Mikel Arrillaga)
ETA KITTO 2021, Api 26

Oraintsu jokatu dira Sevillan Espainiako monarkaren  bi kopako final. Ziurrenik, askok ez duzue emaitzarik jakingo, eta lastima da; horra bada: Iazkoa Errealak irabazi zuen eta aurtengoa Bartzelonak; Athleticek, berriz, biak galdu.

Askotan esaten da jendartea ez dela ezertan bustitzen, indibidualista dela… Bai zera! Gezurra galanta! Ikusi duzue zenbat lagun joan ziren Lezamara eta Zubietara jokalariak babestera? Gero autobusari jarraitu zioten Loiuraino, taldearen aldeko oihu eta garrasi artean, Ertzaintzarekin batera milaka pertsona, ez pandemia eta ez kristo! Gainera, EITBk minutuz minutu jarraipen ezin zehatzagoa egin zuen astebetez, geurea bai ala bai lelopean. Zaleak, Ertzaintza, EITB, politikariak… Denak batera Errege arrotzaren koparen bila! Hori ez bada inplikazioa… Egun handian ere, Pozas kalean pozik zaleak, badaezpada aurretik ospatzea hobe zela jakinda. Izan ere, animoak behar zituzten futbolari gaixoek: Egunean pare bat orduz egiten dute lan eta milioika euro irabazi, bizitza osoan ez gastatzeko beste. Inork baino denbora libre gehiago izaten dute, tronpeta edo harpa jotzen aritzeko, zer nahi hura egiteko. Maitasuna behar zuten hala ere, partidarekin batera lanpostua galduko baitzuten akaso, edo ia okerragoa: Turkiako ligara joan beharko zuten bizimodua ateratzera.

Bitartean, TUBACEX enpresako langileak benetako finala jokatzen. Orainaldia latz eta etorkizuna ilun. Bi hilabete baino gehiagoko final luze eta gogorrean sartuta, euren lanpostuen alde borrokan, animo gutxi eta Ertzaintzaren kolpeak bueltan. Hain urrutira joan gabe, zer gertatuko da Eibarko Corte Inglesarekin? Biltegi bihurtuko omen dute, denda itxi… Ongi, eta langileak zer? Ez omen dituzte kaleratuko, baina zer gertatuko da lan-baldintzekin? Dagoeneko iritsi zait belarrietara okerrera egingo dutela. Ez ote dute animorik merezi?

Ostalariak, bertsolariak, musikariak, aktoreak…, badago hamaika lagun babes eta animo beharrean, egoera larri askoan. Masak, ordea, nahiago du futbol-jokalariak animatu, haien garaipenak babak eltzera ekarriko balizkio bezala.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »