Imanol Magro
Imanol Magro

"Gibela"

2019/04/12
Ez erosi gibel haragirik asteburu aldera. Tira, edo bai, nahi baduzue bai, baina jakin dezazuela ez direla izaten egunik aproposenak. Txahal gibelaz ari naiz, garai batean ‘txiroen xerra’ esaten zitzaion horri buruz. Asteburuan bila baldin bazoazte, gainera, kostako zaizue harategietan aurkitzea, ordurako, gehienetan, agortuta egoten delako. Azalpena erraza da, normalean harategietan asteartean jasotzen dituzte pieza handiak, eta gibela bizkor agortzen zaie, jendeak honezkero badakielako ahalik eta freskoen kontsumitu behar dela. Ahal bada, erosten den egunean bertan.

Gibela, izan ere, gihar haragia baino okerrago zahartzen da. Egunak pasa ahala mikazteko arriskua du. Ez du zertan txarra egon, baina zaporean bai eragiten diotela egunek, eta hortik presa hori. Gibel kontsumoak behera egin zuen duela urte batzuk, baina berriz ere gora egiten ari da. Garai batean anemiaren aurkako botika bezala gomendatzen zen, burdin asko duen haragia delako. Prezioz ere gihar haragia hobeto egon ohi da. Hori bai, dena ez da pagotxa, kolesterola altu duen jendeak tamainan jan beharra dauka, beste barrukiekin gertatzen den bezala.

Jakin dezazuela ez naizela inoiz harakin izan, eta ez, ez dut Googlen ezer bilatu, eta aspaldian ez naiz joan medikura. Baina ezta beharrik ere, goiko jakinduria dosia auzoko harakinak eman zidalako. Larunbat goiz batean joan eta kasu egiten zidan bitartean eman zizkidan azalpenak. “Gibela larunbatean, ez hemen, ez inon”, esan zidan. Kostata jasoko dugu halako informaziorik merkatalgune handietako plastikozko estalkietan. Denda txikien sekretua da, gertutasunak duen xarma, eta balio erantsia. Lokal huts kopurua handitzen ari den garai batean denda txikien aldarria egin behar da, herria pizten dutelako eta gu jakintsuago bihurtzen gaituztelako.