“Gure Esku Dago (?)” (Iker Aranberri)

0    Iritzia 
CDwes76
“Gure Esku Dago (?)” (Iker Aranberri)
2018, Eka 17

Aurreko domekan ospatu zen Gure Esku Dago ekimenaren giza katea, 200dik gora kilometrotan Donostia eta Gasteiz eskuzesku lotu zituen ekitaldi aldarrikatzailea. Herri honek (edozein herrik) izan nahi duena erabakitzeko daukan eskubidea aldarrikatzea zen helburua, modu alai eta baketsuan, festa giroan. Erabateko arrakasta izan zen, antolatzaileen aburuz. Ekimenaren aurkakoek berriz “giza kate baten ordez, harresi bat eraikitzea” (Borja Semper, PP) salatu dute, besteak beste. Han izan nintzen ni ere, nola ez, gainontzeko katebegiekin batera, herri honen etorkizuna erabaki nahi nuela aldarrikatuz, exijituz, eskatuz, erregutuz. Gure esku dagoela sinetsita. Garai asaldatu hauetan Katalunia dugu ispilu maiz. Ez dakit azkenean beren aldarrikapenak gauzatuko ote dituzten, baina bidea egiten dihardute. Eta bide horretan herritarrek bidaide apartak dituzte: agintariak, Generalitateko lema eskuen artean daukatenak. Zerbait lortuko badute beren eskuetan dagoena egiten ari direlako izango da: gizarte zibilak bere aldarrikapen, nahi eta desioak argi erakutsi dizkiete agintariei eta biek batera, beren esku dagoena egiten ari dira. Hemen giza kateak mezu argia helarazi die agintariei, beste behin ere. Baina Jaurlaritzako lema esku artean daukatenek zer esan diote herriari? Bada, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak ez diola “segundo bat bera ere eskaini giza kateari” (Josu Erkoreka, Jaurlaritzako bozeramailea). Gizarteak bere esku dagoena egingo du, noski. Baina bidaideak, konplizeak, babesleak eta laguntzaileak eduki ezean, ezer gutxi lortuko du esku ahurra erakutsiz soilik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »