“Ikasturte berri on!” (Maria Alonso)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Ikasturte berri on!” (Maria Alonso)
ETA KITTO 2019, Ira 23

Betidanik pentsatu dut niretzat urtea ez dela urtarrilean hasten, irailean baizik. Opor osteko garai honetan ia guztiok helburuz, erronkez eta ametsez betetzen ditugu gure agendak. Nik behintzat, horrela egiten dut. Aurrekoan sare sozial batean irakurri nuen, Instagrameko profil batean konkretuki, iraila urteko astelehena bezalakoa dela, eta egia da.

Opor osteko martxa hartzea batzuetan nagitasun handia ematen duen arren, garai polita izaten da aurreko ikasturtean bete ez genituen erronkak berriz ere martxan jartzeko edo amets berriei aukera emateko. Agenda guztiak, orri zuriz oraindik.

Askorentzat ilusioz beteriko garaia izaten da, bai ikasturte akademiko bat hasten dutelako, bai lan-urtea proiektu berriz beteta ikusten dutelako. Oraindik gogoratzen dut unibertsitatea hasi baino lehen izan nuen Irail hura, irrika hura… Ezin dut esan urtero errepikatu dudanik sentsazio bera, baina urtero saiatzen naiz ilusioz hartzen garai hau eta bidean pertsonalki eta profesionalki garatzen lagunduko nauten helburuak jartzen. Helburu horien artean, askotan, lanez aldatzea edo lan bat topatzea dago. Bide horretan, ametsak edukitzeaz gain, helburuak eta erronkak bete daitezen, plan bat ezarri behar dugu, esfortsuz beteriko bidea eraiki behar dugu. Ametsak edukitzea ondo dago, baina ez da nahikoa, arrakasta lortu ahal izateko lan handia egin behar dugu, egunero borrokatu behar dugu.

2019-2020 honetan, zuen amets, erronka eta helburu guztiak bete daitezen opa dizuet.
Ikasturte berri on!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »