Maria Alonso
Maria Alonso

"Bizitza ziklo bat da"

2021/03/08
Bizitza ziklo bat da, batzuetan luzeagoa, beste batzuetan, laburragoa, baina ziklo bat azken finean. Garbi dago, gauza asko ez daudela gure esku, baina momentu askotan, zuk zeuk erabakitzen duzu zelan sentitu ziklo horren etapa bakoitzean gertatzen zaizkigunak.

Bizitza gauza onez betetako bidaia da, baina ezin dugu alboratu, bidai honetan, bizipen txarrak izango ditugula askotan bidelagun.

Aipatutako bidaia honetan, galera asko izango ditugu, batzuk besteak baina gogorragoak, baina ezinbestekoa da galera horiek askatasunez bizitzea, emozioak identifikatzea eta sentitzen duguna errespetatzea.

Galera guztiak ez dira berdinak izango, batzuetan, gure lana galduko dugu, eta hori, dolu bat bezala sentituko dugu, beste batzuetan, maite dugun pertsona batekin (laguna, bikotea, anai-arreba) haserretuko gara, eta bidaia honen etapa batean, (edo gainontzeko bidaian) ez da gure ondoan egongo, eta hori ere, dolu bezala sentituko dugu. Dolurik gogorrena seguraski, maite dugun pertsona bat hiltzen denean emango da.

Zoritxarrez, gaur egun, debekatutako doluak daude. Egoera batzuetan ez dago ondo ikusita negar egitea, eta sozialki ez da ulertzen. Mendebaldeko gizartean, arauek emozioen kontrolera eta emozio eta sentimendu negatiboen ia erabateko errepresiora garamatzate. Baina horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik.

Umeekin askotan (zorionez) emozioen lanketa hori egiten saiatzen gara, hurrengoko belaunaldiak gai izan daitezen gauzak sentitzeko, baina helduon kasuan, bide luzea dugu oraindik. Askotan, helduok ez gara gai gure emozioei izena jartzeko, eta nahastu egiten ditugu. Emozio positiboak ongi onartuta daude  gure gizartean, baina tristurak, gorrotoak, beldurrak, nazkak… ez daukate lekurik gaur egun. Honek guztiak gure garapena oztopatzen du eta ez digu uzten bizitzaren zikloaz disfrutatzen.  Aske sentitu!