“Kafe hotza” (Imanol Magro)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Kafe hotza” (Imanol Magro)
ETA KITTO 2022, Ots 21

11 urte beteko dira laster aita joan zenetik. Bazkalosteko kafea hartzera irten zen azkenekoz agurtu genuenean. Kafea ere eskatu zuen tabernan, baina ez zuen bukatu. Kikarako azken tragoa hoztu egin zitzaion. Hiru hilabete dira gure ama joan zela. Ospitalean agurtu genuen. Kafezale porrokatua zen, eta bazkaloste hartan, egunero bezala, bi kafe igo genituen elkarrekin hartzeko. Haiek ez genituen hartu. Hantxe gelditu ziren plastikozko bi edalontziak, hozten.

Kafea xigorturiko fruitu ale batzuen zukua baino askoz gehiago da. Edariaren balio sinbolikoa askoz urrunago iristen da. Kafe askok markatzen dute gure bizitza. Juntadizoa egiteko amua dira, bisitaren aitzakia, hitzordua zehaztu eta hitz egiteko gonbidapen formala. Baita kafearen mikatza gustuko ez dutenentzat ere. Kikarako keari putz egitea testuinguru perfektua da konfesioak azaleratu, beldurrak agertu, konfabulazioak prestatu, memoria astindu, promesak egin edota gezur ederrak esateko.

Denok ditugu ahaztuko ez ditugun kafeak, eta denok ditugu kafeak zorretan. Denok hitz emanda diogu norbaiti kafe bat hartuko dugula noizbait (“Ea elkartzen garen pandemia zikin hau amaitzen denean”). Eta hortxe dugu asmo edo nahi hori betetzear, beti aukera hobeago baten zain. Sentimenduen beharrak prokrastinatzen adituak gara guztiok. Hala bada, aholku bat, hartu telefonoa eta egin hitzordu hori. Hartu kafe hori, pertsona horrekin edo horiekin. Ez dio axola hutsa edo ebaki. Eskertuko duzu. Izan ere, urteekin, gehiago oroitzen ditugu hartu gabe gelditu ziren kafeak hartu genituenak baino.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »