“Koloreak” (Unai Artetxe)

0    Iritzia 
CDwes76
“Koloreak” (Unai Artetxe)
2018, Urr 22

Beltzarana da Miguel. Zuria Nahia. Zazpi bat urte izango ditu lehenak; pare bat gehiago agian bigarrenak. Biak ikastola berera doaz, biek batera jolasten dute jolas-orduan. Miguelek eta Nahiak ez dituzte koloreak bereizten. Lagunak dira beste ezerren gainetik. Adiskideak besterik ez.
Arrosak dira berez neskentzako txokolatezko arrautza ezagunak. Urdinak, mutilenak. Barruko sorpresa halakoa edo bestelakoa izaten da kanpoko kolorearen arabera. Gizarteak, gizakiok, batzutan, askotan, gehienetan, barrukoari baino kanpokoari begiratzen diogulako. Eta hor, oharkabean edo jabetuta, guk geuk ere urdina eta arrosa, arrosa eta urdina, bereizketa egiten dugu.
Lagun batzuk ditut, Maria eta Jon, umea izan nahi baina lortu ezin zutenak. Kostata, baina horrelako batean lortu dute, eta hara, bikiak izango dira. Albistea eman zutenetik ehundaka jantzi urdin eta ehundaka arrosa jaso dute opari. Baietz asmatu zein kolore dagokion ume bakoitzari?
Lagunok, koloreak kolore baino ez dira. Askotan batu baino banatu egiten gaituzte. Izan gaitezen toleranteago eta irekiago urdina gustoko duenarekin, arrosa, berdea edo gorria atsegin duenarekin moduan. Eta ahalegindu, tarteka bada ere, kolore ezberdinekin jazten. Pluraltasunaren izenean, ez gaitezen bilakatu kolore bakarraren jabe.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »