“Modak” (Leire Narbaiza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Modak” (Leire Narbaiza)
ETA KITTO 2022, Mai 30

Dana da modia. Bigotia edo bizarra eukitzia, takoiak janztia, ardau zurixa edatia, rabak jatia, raeggeton entzutzia, selfixak egittia, foballera juatia… dana. Persona original batek burutaziñua euki, egitten hasi eta modan jartzen da kontu barrixa. Askotan jakin be ez dakigu zelan aillegatzen dan danon ahotan egotera. Batzuetan kasualidadez edo inspiraziñoz izango da, baiña beste batzuetan badakigu publizidadia be egoten dala tartian. Kuestiñua da lehen egitten ez genduan zeozer, oin egin egitten dogula; eta kontrara, egitten genduana egittiari lagatzen detsagula. Beti bardin jokatzia aspergarrixa ei da eta.

Modiak badaka pixka bat kapritxotik, eta batzuk laburrak izaten dira, kaltzetin zurixak takoiekin janztia moduan, zorionez. Beste batzuk luziaguak bihurtzen dira eta “betittik” egon dirala begittantzen jaku, poteua letxe. Baiña aurrerapen sozialak ez neuke sekula santan esango moda kontua diranik.

Ez neuke esango Olympe de Gougesek Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena idatzi zebanian moda kontuengaittik egin zebanik, ezta sufragistak boto eskubidia modaz aldarrikatzen zebenik be. Ez dot uste Josefa Gervasia Agirrebengoa, Josefa Suinaga eta Maria Josefa Atxa modiagaittik etorri ziranik karruan Aginagatik Eibarrera lehenengoz botua emotera 1933an. Ez dot pentsatzen Maria Magunazelaiak bizikleta karreretan parte hartzen zebanik moda kontuengaittik. Ezta Mauriziak horregaittik panderua jo be. Joane Somarribak ez zittuan Giroa eta Tourra irabazi modan zegualako. 2019ko martxuan 8xan ez genduazen milaka andrazkok kaliak bete modia zalako. Ez.

Izan be, emakumien eskubidiak ez dira modia. Parekidetasuna lortzia ez da kapritxua, burutaziño zorua. Bardintasuna premiñia da androndako edozein inguru eta arlotan, ar-duradun askok siñistu ez arren. Eta lortuko dogu, ez izan dudarik, moda barrixak gero eta gogorrago joten dau eta.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »