Imanol Magro
Imanol Magro

"Obligazioa"

2020/07/17
Iritzi hau argitaratzen denerako baliteke kaletik maskara eramatea derrigorrezkoa izatea, baina, badaezpada ere, aurretik esango dut ni neurri horren alde nagoela. Osasun ahul xamarreko jendea dut inguruan, koronabirusaren beldur naiz, eta agian horrek baldintzatzen nau. Maskara babes neurri eraginkorra da, baina ez da guztiz justua, badu gabezia handi bat: filtro onik ez badu, gehiago babesten du janzten ez duena hura eramatearen enbarazua onartu duena baino. Beraz, oso eraginkorra izateko mundu guztiak erabili behar du, eta zentzu horretan harritu egiten nau Eibarren zein jende gutxik daraman. Nire ikerketa soziologiko partikularrak egin ditut kalean, distantzia sozialari eustea ia ezinezkoa den tokietan. Toki jakin batetik denbora tarte batean pasatzen diren pertsonetatik zenbatek daramaten zenbatu ohi dut, eta normalean ez gara heren batera iristen. Konfinamendua neurri zorrotza izan zen, eta haren helburu nagusia osasun sistemaren saturazioa eragoztea zen gaixoak hobeto artatzeko; ez ditzagun berriz bete.

Askatasun indibidualen eta gizartearen onerako diren neurri kolektiboen arteko talka zaharra da. Maskara derrigortu behar izatea hezkuntza porrota dela entzun diot askori: “tristea da gero horretara iritsi behar izatea babesteko”, esaten dute. Antzeko kasuak dira auto istripuetan laguntza eskaintzea legez derrigortu behar izatea –laguntza ukazioa delitu da—, errenta aitorpena egitea edota zergak ordaintzea. Baina zeren arabera bihurtu daiteke obligazio ustez gizartearentzat mesedegarri den ohitura bat? Zergatik ez gauza bera egin zaborren birziklapenarekin? Txertoekin? Edota odol zein organuen donazioarekin? Soldaduska gehituko luke norbaitek… Edozein poteo edo terraza gau animatzeko moduko eztabaidagai filosofikoa da, eta lagun eta gertukoekin ateratzera gonbidatzen zaituztet. Hori bai, maskara jantzita mesedez, derrigorrezkoa izanda ala ez.