Imanol Magro
Imanol Magro

"Pribatua? Ez, eskerrik asko"

2020/03/13
Hasi aurretik, oharra: nik ere Eitzagako zabor luiziaz hitz egingo dut. Dagoeneko gaiak nekatzen bazaitu, irakurle pasatu lasai hurrengo orrialdera. Izan ere, gertaturikoaren larritasunak hausnarketara eraman nau, eta hondamendiaren arrazoietan pentsatu dut. Arrazoi ekonomikoez ari naiz, eta nire ondorioa hurrengoa da: diruak eragin zuen luizia, eta diru goseak irentsi zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Demagogiaz haratago argudiatuko dut. Kudeaketa pribatua publikoa baino hobea dela sinestarazten digute, baina Eitzagako kasuak garbi erakusten du bizitzarako oinarrizkoak diren jardunak ezin direla esku pribatuetan utzi. Enpresa pribatuak balore eta helburu batzuk ditu, erabat zilegi direnak, eta ez dira demonizatu behar, baina ez dute guztirako balio. Zergatik bestela hainbeste langile eremu publikoan lan egiteko gogoz?

Zabortegiek publikoak behar dute, kontrol-neurri zorrotzak ziurtatzeko, eta non eraiki ondo erabakitzeko. Pribatutasunak kontrol ezaren atea irekitzen du, azken batean helburua irabazi ekonomikoa baita. Pribatuaren defendatzaileek diote kontrol publikoak zorrotzak badira, pribatua hobea dela, baina esperientziak erakusten digu ziria sartzea ez dela hain zaila. Kasualitatea ere ez da beti herri txikien udal-azpiegitura ahula baliatzea haien lurretan eraikitzeko. Beraz, onena kontrolen pausoa saihestea da, eta zuzenean publikoak izatea. Logika hau zabortegiei aplikatu dakieke, baina baita autobideei, kiroldegiei, ospitaleei ere... Koronabirusa iritsi den honetan sare publikoa hartzen ari da izurritearen ia zama osoa. Gaixo bat hamabost edo berrogei egunez logela bat okupatzen izatea ez da errentagarria.