Arrate Garitaonandia
Arrate Garitaonandia

"Teknologia, ihesbiderako babeslekua?"

2019/05/30
Haurrak eta helduak pantaila digitaletan erabat murgilduta ikusten ditudanean, euren harremanen kalitatearen inguruko galderak sortzen zaizkit. Teknologiaren erabilera babesleku ezinhobea izan daiteke isolamendurako eta ihesbiderako. Konturatu gabe testuinguru  desberdinetan (etxean, eskolan, laguen artean) pantailen erabilera normalizatzen dugu, aldamenean dugunarengandik  deskonektatzen gara eta gure osasunarengan dituen ondorioak ez ditugu kontuan hartzen. Adin desberdinetan ere somatzen da, eta batzutan oso adin txikietan,  familia-ingurune guztiari eraginez. Sarritan pantaila hotzek bazkalosteko hizketaldiak eta hartu-emana ordezkatzen dituzte.

Zer da neuro plastizitatea? Gure ohiturek baldintzatu egiten gaituzte eta gure burmuina egituratu egiten dute. Hau da, gure burmuina teknologiaren aldeko joera handiagoa izateko egituratu dezakegu eta, aldi berean, posible da besteekin konektatzea zailagoa izatea. Fenomeno biak elkarrekin joan daitezke. Esate baterako, asteburuetan etxean orduak eta orduak jolasten ematen duen nerabeak bere lagunekin irtetzea ekiditen duenean.

Nolako lotura daukate gure ohitura sozialek gorputza eta osasunarekin? Berriki egin diren ikerketek diotenez (Fredrikson), kontaktu sozial ezak bizitasuna edo bitalitatea gutxiagotzen du. Gure burmuina bihotzarekin lotuta dago nerbio bagoaren bitartez. Tono bagala “bentrala” denean, erantzun kardiobaskular eta inmunologiko ona dagoela esan daiteke. Tono bagal hori aldatu egin daiteke eta, neurri handi batean, ohitura sozial egokien araberakoa da.

Non dago oreka? Kontua ez da teknologiak eskaintzen dizkigun abantailei uko egitea, baizik eta erabilera egokia egitea. Bestearekin sintonian egotea, bere erritmoan, aurpegira begiratzea, irribarre egitea, modu espontaneoan disfrutatzea, enpatizatzea. Tono bagalak estimulatzen gaitu. Balio horiek umeei transmititzeak euren osasuna hobetzen du. Nahaste teknologiko batean galtzeko arriskuaz babesten ditu eta erabilera on bat egiten laguntzen die.

Egin dezagun hausnarketa bat. Eredu ona naiz? Nire harreman beharrak asetuta daude? Eta… nire seme-alabekin ezartzen ditudan mugak zentzuzkoak dira?

Doaneko lerro konfidentziala dago adin txikikoei, gurasoei, tutoreei eta hezitzaileei  teknologiarekin lotutako gaietan laguntzeko (menpekotasuna, ziberakosoa…): 900116117. Webgune informatibo bat ere daukazue eskuragai   www.is4k.es