“Zientzia eta elikadura” (Iñaki Elortza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Zientzia eta elikadura” (Iñaki Elortza)
ETA KITTO 2019, Eka 17

Bai, onartu beharko dut, elikadurak eta zientziak ez dute elkar ondo ulertzen. Edo hori dirudi askotan. Alde batetik, elikaduraren inguruko mitoak dauzkagu, bai, eta horiek nahasmen handia sortzen diote jendeari. Baina, askotan, zientziak ere ez ditu gauzak gehiegi argitzen. Orain dela gutxi arte gosaria zen eguneko otordurik garrantzitsuena; orain, aldiz, ez; koipeak txarrak, orain onak; azukrea ona, orain pozoia… Kaosa dirudi, eta ez oso serioa, egia esateko. Hain azkar eta hainbestetan aldatu dira azken aldian elikaduraren oinarrizko paradigma zirenak, jendeak jada ez dituela aldaketa horiek kontuan hartzen, eta ez daki ondo zer pentsatu.

Horren arrazoiak aurkitzea ez da gauza erraza, baina aukeren artean bi bururatzen zaizkit. Alde batetik, giza gorputzaren konplexutasuna. Gure gorputza hain da sistema korapilatsua eta hainbeste aldagaik eragiten diote, non oso zaila den elikagai edo jaki bakar batek gure osasunean duen eragina frogatzea, eta arrunta izaten da ikerketa desberdinen artean desadostasunak egotea. Beste arrazoi bat, nola ez, interes ekonomikoena da. Zientzialariek elikadura osasuntsuari buruz esaten dutenak gure ohituretan eragina du, edo eduki beharko luke… Elikagaien industriak oso ondo daki hori eta ikerketa asko babesten ditu berari interesatzen zaizkion ondorioak lortzeko asmoz. Nahiz eta horretarako ikerketak guztiz manipulatu behar izan edo interesatzen zaizkien emaitzak bakarrik eman jakitera.

Nola ez da ba gizartea galduta egongo hainbeste informazio manipulatu eta interesaturen artean? Dena dela, ez daukagu zientzian konfidantza izatea baino beste aukerarik. Hori bai, zientzia independentea eta zorrotza exijitu behar dugu gizarte bezala. Horrela ez bada, ez dira gauzak inoiz argituko, eta egoerak orain bezain nahaspilatsua izaten jarraituko du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »