Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Gaztainondo, eskerrik asko"

2023/02/11
Zorretan gaude arbola paregabe honekin. Erromatarrek ekarri zutenetik, 2.000 urtetan, hori da hori emana. Eta zein ordain eskasa jaso duen gure aldetik. Eibartarrok ere gaztainondoarekin harreman luzea dugu. Aspaldikoa da gure arteko erlazio asimetrikoa. Gaztainondoaren kultura barru-barruraino sartuta izan dugu atzora arte: mintegiak jarri genituen gaztaina-landareak sortu eta gero mendian sartzeko; ondoren, txertatu hainbat mota desberdinekin, goiz eta beranduko fruituak izan ahal izateko; inausi, inguruko sasiak moztu eta gaitzak erasaten zuenean erremedioak bilatu genituen, ezinbestean, gosearen beldur.  XX. mendean, industrializazioarekin, lagunartekoa amaitu zen arte, kitto!

Eta berak honela erantzun zigun:

Hutsegiten ez duen zuhaitza da gaztainondoa, sikate zein uretan oparo,  uzta ziurra da beti  hankabikoa eta azienda elikatzeko. Gainera, neguko hotza arintzeko gutxi dira su-egur biziagoak, txinparta-soinu alaiaz, etxea berotu edota garai bateko ikatz-txondorrak hornitzeko baliatzen zuten arbasoek.

Etxegintzan, Eibarko etxe zaharrik ba ote da gaztainazko haberik, kaperiorik eta oholik gabe? Ezetzean nago. Lehortzean zur gogor eta aldi berean lantzeko gozoa, samurra, gizen-bakoa baita. Eta usaina ere ederra. Egin usain! Eta zenbat eibartar jaio ote dira gaztainazko ohean? Auskalo.

Ezin ahaztu lanabesetako kerten eta baserriko tresnak egiteko material arin eta aldi berean horren ustelezenik nekez aurkituko dugula besterik.  Plastikorik gabeko garaietan gaztainondoaren zuntzekin eginiko otar eta saskirik gabe zelan biziko ginateke? Nekez.

Onddo eta perretxiku ugari eskaintzen duen basoa da gaztainadia. Eta, zelan ez, urteroko orbel eta lokotz jarioak lurrari kendutakoa itzuliko dio eskuzabal, honen emankortasuna hobetuz eta iraunkortuz. Eta, esan gabe doa, biodibertsitate aberatsaren gordailu dela gaztain-arbola, bere enbor barru-hustuak piztien aterpe eta hainbat hegaztiren kabi-leku.

Bistan da eman-zalea dela gaztainondoa, emankorretan txapeldun. Ez al du aitormena jasotzea merezi? Dagokion gorazarrea?
Baietzean nago. Merezimendu gutxiagokoak ditugu kale-izendegian. Edota zergatik ez, landa dezagun ale ederren bat errotonda edo diseinuzko gure  lorategiren batean bere plakatxoarekin. Hala ere, nik beste hau nahiago:

Berreskura dezagun gaztainondoaren kultura. Landa ditzagun gaztainadi berriak, gaztain-mota desberdin eta teknika gaurkotuekin.  Mesedea eta onura baino ez die ekarriko gure ekonomia, ingurune eta kulturari. Eta zor historiko bat kitatzeko modua izango dugu.