Enrike Sosola
Enrike Sosola

BASAGUNEA Kontsumo-Elkartea

2024/09/20

Elikadura-autogestioaren kezkak eraginda, 2011. urtean Azataporrua Kontsumo Elkartea eratu genuen Eibarren. Ekoizle-kontsumitzaile distantzia txikituz, salmenta zuzeneko espazioa sortzea nahi zen. Eta bai lortu ere nekazaritza ekologikoaren altzoan, eta salerosketa hutsetik haratago, giza harreman eta lan zein erabaki kolektiboetan oinarritutako lagunarte bizia. Horrela,  kideek, izan baserritar zein kaletar, erabaki eta mantenu-lan guztietan parte hartu dugu, besteak beste txandaka dendari-lanetan. 

Orain, 13 urteren ostean, egitasmoa eraberritzeko unea iritsi zaigu.“Garai berrietarako tresna berriak” esan ohi da. Beraz, iruditu zaigu urratsa egiteko garaia heldu dela. Batetik, kontsumo-eredu honek dimentsio berria plazaratzeko: agroekologia. Bestetik, Errebal Plaziak aukera aproposa eskaintzen duelako. Eta, azkenik, eragin-esparrua zabaltzeko, kidegoa handitzeko.

Kontsumo Elkarte berriaren izena BASAGUNEA da, eta Errebal Plazako postu finko batean izango du kokapena. Baserritar-ekoizleen salmenta zuzenerako etxean hartuko dugu babes. Eta horren jakitun, espazio hori dinamizatzeko konpromiso irmoa hartu dugu. Hala nola, kontsumo sostenigarrian eta trantsizio ekologikoan sakontzeko urgentziaren premiaz dinamikak sortzekoa: hitzaldi, irteera, dastaketak, tailerrak, azokak…

Futzionamenduari dagokionez,  salmenta-postuak ordutegi zabala izango du kide baten egun erdiko dinamizazioari esker. Bazkideek kuota baten truke jeneroa merketxoago eskuratzeko aukera izango badute ere, produktuak herritar guztiei eskainiko zaizkie. Salgaiak, betiere irizpide agroekologikoetan sortuak izanik, nekazari-ekoizleen eskuetatik jasoko dira zuzenean.

BASAGUNEA ahalduntze-ariketa bat da, herritarrok jan nahi dugunaz geronek erabakitzeko espazioa. Lurra, landareak, abereak eta ingurumena zaintzeaz gain, pertsonak ere zainduko dituen kontsumo-eredua sustatzeko erreminta. Interesik? Hala bada, jakizu bazkidetza-kanpaina irekiko dela laster. 

Zatoz, zure aletxoa jartzera elkarzaintzarako egitasmo honetan!