Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Euskadiko kirol txartela"

2020/01/21
Argi eta garbi dago jarduera fisikoa praktikatzea onuragarria dela pertsonentzako; arlo fisikoan, psikikoan, emozionalean…, praktika egokia aukeratzen eta neurrian praktikatzeak onura asko ditu.

Erkidegoan kirol elkarte, udalak, eskolak eta beste eragile  batzuen bidez lortzen ari gara praktikatzaile kopurua handitzea, eta  oraindik ere hobetzeko aukera dugu. Gurean, praktika antolatu  ugariena kiroldegi publikoetan egiten da, eta onartu behar dugu Udalen partetik sekulako esfortzua egiten dela kirol instalazioak eraiki, sustatu eta mantentzeko.

Hau horrela izanda eta kontuan hartuz hobetzeko tartea dugula,  erraztasunak ematea planteatzen dut, jarduera gehiago praktikatzeko eta praktikatzaile gehiago izateko. Erraztasunak eskaini arrazoi ezberdinengatik kiroldegietara joaten ez direnentzat; baliabide falta, ezagutza edo motibazio falta, oztopo arkitektonikoak… Eta baita erraztasunak dagoeneko joaten direnei, beste herrietako kirol instalazioetara joan ahal izateko; bertan lanean edo ikasten daudelako, nahi duten ekipamendua bere herrian ez dagoelako…

Gero eta gertuago dago Erkidegorako garraio txartela, zergatik ez Euskadiko kirol txartela?.

E.J.tik egitasmo duin bat jartzen ari da martxan, Mugiment kirol txartela, eta poliki poliki zabaltzen ari da, baina ez da nahikoa, erakundeen partetik apustu garbia eta ausarta behar da. Gaur egun utopia dena egia bihurtzeko; borondatea eta dirua behar da. Gure herriko kiroldegiko abonatuak izanda, beste edozein herriko instalazio publikoa erabili ahal izateko.

Eskatzera animatuko gara?