Kirol praktika egokia
Behin baino gehiagotan idatzi dut kirol praktikak izan ahal dituen onuren inguruan. Kirola maite dut eta nire bizitzan kirolak protagonismo handia izan du.
Gaur planteatzera nator kirol praktika egokia egitearen beharra; edozein adinetan, egiten duguna egiten dugula, arriskuak daude eta praktika desegokiek ondorioak eduki ditzakete.
Haurtzaroan, espezializazio goiztiarra oso arriskutsua izan daiteke, praktikatzen den kirolaren arabera, gorputzaren alde batek bestea baino gehiago indartzen duelako, goiko atalean edo behekoan eragina handia duelako, etab. Haurtzaroan konpentsazio lana eskatzen du, estimulazioa osatu beharra dago eta, bestela, ondorioak betirako izango dira. Lan hauek ez dira batere errazak eta denbora eta baliabideak eskatzen dituzte.
Nerabetasunean, oso modan jarri da indar entrenamendua; eta ona da indarra lantzea, baina ez edonola. Jakin badakigu adin kronologikoaren eta biologikoaren artean salto handia egon daitekeela. 15 urteko bi lagunen artean 3-4 urteko diferentzia egon daiteke adin biologikoan. Kontu handiz ibili beharko lirateke nerabeak indarra entrenatzerakoan, eta ez hartu erreferentzia gisa lagunak egiten duena, arriskutsua izan daitekeelako. Nerabetasunean gorputza guztiz egin gabe dago eta larregizko pisuak edo ariketa ondo ez egiteak ondorio larriak utzi ditzake.
Pertsona helduen artean indar entrenamenduarekin lotutako praktikak ere modan daude. Bazter guztietatik esaten digute lan aerobikoa egiteaz gain, ezinbestekoa dela indarra lantzea, gutxienez astean bitan. Modan dago indar entrenamendua, mugimendu funtzionalak eginez, intentsitate handiarekin. Kasu honetan gogorarazi nahi dut teknikak garrantzi handia duela. Pisu egokiak erabili, indarra landu, baina mesedez teknika zaindu.
Hasieran nioen bezala, egiten dugun kirola egokia izan behar da, egokituta gure adinera, gorpuzkerara, osasun egoerara, esperientziara.
Albokoari kopiatzeak arrisku handiak ekar ditzake. Egun, profesional oso onak ditugu gure inguruan gure praktika bideratzeko eta, horrez gain, baita informazio egokia lortzeko bideak ere.
Disfrutatu kirolaz!!!