“Ongizatea eta Osasuna”
Azken hamarkadetan asko aldatu da gure gizartea eta bizimodua: esfortzu fisikoa eskatzen duten lanak gutxitu dira, lan-orduen kopurua ere murriztu da, aisialdi pasiboak tokia irabazi du, janari eta edari ez-osasuntsuen presentzia handitu da… Horren ondorioz, gainpisu eta loditasun-tasa izugarriak ditugu. EAEko biztanleen % 46k gainpisua edo loditasuna du; estatuan baino baxuagoak dira, baina izugarri altuak dira. Sekulako izurritea datorkigu eta, aldatzen ez badugu, ondorio latzak izango ditu.
Oso nabarmena da zaintzeko premia. Gero eta kontzienteago izan behar gara. Gorputza zaindu behar dugu, ohitura osasuntsuak txertatu behar ditugu, gorputza mugitu, ez erre, hobeto jan, alkohola gutxitu…
Baina, hala ere, gure gizartean denok ez ditugu aukera berdinak, ezta informazio berdina ere. Ahalegin berezia egin beharra dago bazterkeria egoeretan dauden pertsonei informazioa helarazteko eta jarduera fisikoa praktikatzeko aukera emateko. Jakin badakigu hainbatek beste arazo “potoloagoak” izaten dituztela eguneroko bizitzan, baina benetan sinesten dut jarduera fisikoa praktikatuz gero hobeto egingo lieketela aurre beste erronkei.
Kirolak ongizate fisikorako atea irekitzen digu; mugimenduan jartzeko aukera paregabea da eta, beraz, egoki eginez gero, osasuntsu egoteko ere bai. Arestian esan bezala, ongizatearen beste arlo batzuetan ere eragin dezake kirolak; esate baterako, autoestimua garatu, giza harremanak eskaini, inguru ederrak erakutsi, norberaren irudia hobetu… Eta horrela, ongizaterako atea parez pare zabaltzen digu.