Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Amestu ditzagun autorik gabeko herriak"

2018/09/20
Egunero ospatzen da egun bereziren bat; jarduera fisikoarena, minbiziarena, ingurugiroarena… Irailaren 22an, berriro ere, autorik gabeko eguna izango da, eta egun honen helburua da –beste batzuen artean– gure herriak/hiriak autorik gabe nolakoak izan zitezkeen irudikatzea.
XX. mendeko azken herenean, gure herriak goitik behera aldatu ziren; industriaren garapenarekin, langile askoren etorrerarekin, autoen salmenta-igoerarekin…, oinezkoentzako tokiak autoentzako toki bihurtu ziren: errepideak, biribilguneak, aparkalekuak. Azken hamarkadetan ikaragarri handitu da autoen kopurua, eta hona hemen ondorioak: autoz jositako kaleak, kutsadura, autoen pilaketak.
Hainbat tokitan egoera sufritu ezina bihurtu da eta neurri zorrotzak hartu dituzte trafikoa murrizteko; matrikula bakoitiak eta bikoitiak tartekatu, ordaindu beharreko tasa ezarri hirian sartzeko, autoentzako ordutegiak murriztu eta baita autoen sarrera debekatu ere.
Ez dut autoen aurkako iritzia sortu nahi; aukera asko ematen dituzte lanerako eta aisialdirako, eta oso industria garrantzitsua da.
Garraio publikoaren aldeko apustu etengabea eta ausarta behar da autoen kopurua murrizten joateko.
Baina bitartean joan gaitezen irudikatzen autorik gabeko esparru handiak gure herrietan; oinezkoen neurrira egindakoak, irisgarriak, ibiltzeko, jolasteko, seguru joateko, paisaiaz disfrutatzeko, berdegune ederrekin, jolas edota ariketa parkeekin…