Jesus Gutierrez
Jesus Gutierrez

Auzoetako nortasuna galtzen goaz?

2024/05/13

Orain kaleratu berri dute bertoko komunikabideetan Amaña izango dela hiru eguneko jaiak antolatuko dituen Eibarko auzo bakarra. Hori guztia San Kristobalgo jaien desagerpenaren ondoren, eta Urkin, zeozer antolatzeko asmorik izanda ere, aurten asteburu bateko ohiko jai-egitaraurik ez dela izango jakinda. Buruari pixka bat eraginda, gogoratuko genuke beste sasoi batzuetan Jardiñetak, Legarrek, Ipuruak edo Azitainek halakoak antolatzen zituztela. Bitartean, landa-auzoetan eusten jarraitzen zaie, Aginagan edo Santakurutzen kasurako, eta, jakina, Arraten.

Horiek guztiak Eibarko auzoetako nortasunaren galeraren adierazgarri dira? Bertako biztanleek aspaldi ematen zen auzo horietakoak izatearen harrotasun puntu hori galdu dute? Edo, besterik gabe, jaiak antolatzeak lan asko eskatzen duelako eta garestia suertatzen delako da? Horri gehituz inplikatuko diren boluntarioen faltaren eraginez? Egia da aisialdia eta jaiak bizitzeko guneak eta erak aldatu direla. Gazteek, orokorrean, ez dute asteburuetako euren aisialdia euren auzoetan gozatzen. Herriaren erdialdean, eta gero eta espazio estuagoan (Egogain, Untzaga, Txaltxazelai, T. Etxebarria, Calbeton eta gutxi gehiago) biltzen da jendea. Esan genezake bostehun metro linealetan, Egogain eta anbulatorioko parkea lotzen dituen lerroan, batzen dela Eibarko aisialdia. Zabaleran berrehun metro emango genioke, Txaltxazelai bertan sartzen  badugu.

Ipurua, Amaña, Urkizu, Urki eta beste inguru batzuk euren “giroari” eusten jarraitzen diote, baina gazterik ez dago apenas. Horri gehitu behar zaio euretako askok beste herri batzuetara ere irtetzen direla, “martxa”-ren bila. Horregatik da eredugarria euren auzoetan lanean jarraitzen duten guztien lan hori, baikortasuna dakarkigulako eibartarroi, nortasun indartsu bati eusteko ahalmenarekin jarraitzekotik aparte.