Jesus Gutierrez
Jesus Gutierrez

"Nire egunsentiko heroiak"

2023/10/24
Adin batera heldu arte ez dugu jakiten ondo zertan egiten duten lan gure gurasoek. Seme-alabok badakigu tailerrera, bulegora, klaseak ematera... doazela, baina ezer gutxi gehiago. Uste dut, kasu gehienetan behintzat, argituko bagenie gure lana zelakoa den, gure seme-alabak ikasle hobeagoak izango liratekeela, guk pasatzen ditugunak eurek ez pasatzeko.

Seme-alabek jakin beharko lukete nahitanahiez zelakoa den egun arrunt bat gure lanean, baina ez diegu halakorik argitzen; hor jokoan sartzen dira ikasi duzun esparruan lan egiten duzun, zelako soldata jasotzen duzun, lanak betetzen zaituen, edo uneoro erlojuari begira zauden ahal duzunean arineketan irteteko... Arazoa da egunero, bat bera ere kendu gabe, gosaltzen dugula, baita bazkaldu eta afaldu ere, hipoteka ordaindu behar dugula, bizitza sozialari eutsi, eskola ordaindu, eta baita argia, ura eta komunitateko fakturak ere, oporretan joatea gustatzen zaigu... Etenik ez duen gurpilean gaude sartuta, eta horrek lan egitea eskatzen digu.

Ni oso ume nintzenean ama eta aita nituen idolo bezala. Nire ama etxeko “generala” zen, “erosketa-buru”, “catering-buru”, “administrari nagusia”... Kargu guztiak zituen eta dena egiten zuen ondo. Aitak Orbean egiten zuen lan, eta nik txikitan beti kontatzen nuen bera zela Zengotitari motorrak egiten zizkiona. Azken hori apaiza zen, Velosolex batekin Eibartik ibiltzen zena; bide batez esango dut marka hori Orbeak fabrikatzen zuela bere Urkizuko instalazioetan. Niretzat nire gurasoak gorena ziren. Orain dela gutxi, ikerketa lan batean jakin izan nuen bai, nire aitak Orbean egiten zuela lan, baina fundizioan, Urkizuko dorreen atzeko aldean dagoen tunela pasatuta zegoen tokian, eta bere funtzioa koladatik piezak ateratzea zela.

Aurreko belaunaldietakoekin konparatzen garenean, gure buruak hain azkartzak jotzen ditugun sasoi honetan, uste dut ez dela hainbesterako. Lanegun guzti-guztietan nire iratzargailuak seiretan jotzen duelako; eta, hori gertatzen bada, izan daiteke uste nuen bezain listoa ez naizelako akaso. Eta nire gurasoekin akordatzen naiz, mirespenaz: nire egunsentiko heroiak.