Jesus Gutierrez
Jesus Gutierrez

"Eibarren beti aurrera"

2021/02/26
Askotan ikusten ditugu komunikabideetan Eibarko gaur egungo kale-izendegiaren gaineko iritzi ezberdinak, batez ere bertan zenbaterainoko emakume gutxi dauden aipatuz eta hor sartzeko erabiltzen diren irizpideen inguruan. Arazo horrek ez du soluziorik izan orain arte, gai delikatua izanik gure zinegotziek ere ez diotelako haginka egin nahi izan hezur horri.

1979an Franco hil ondorengo lehenengoko Udal demokratikoa osatu zenean heldu zioten gai horri, diktadurari lotutako Generalísimo, Mártires eta antzerakoek sortzen zuten distortsioari erantzun nahian, kasu askotan inolako konnotazio negatiborik ez bazuten ere. Analisi horri ekiteko kale bakoitzaren izena aztertuko zuen adituen batzordea osatu zen; talde horrek txostena egin zuen, eta bertan azaldu zituen aldatzekotan izan zitezkeen aukerak, Eibarko historiaren izen entzutetsuekin batzuetan, kale horretako toponimoekin osatutakoak beste batzuetan, etb. Lan-sistema horri jarraituta erabaki ziren Udal Plenoan zeintzuk izango ziren izen berriak.

2008an Paciano Arosa (nire aitxitxa izan zen) kalearen izena aldatzeko ekimena bultzatu zuten bertako bizilagun batzuk, 1979an izen hori hartu zuen kaleak aurretik zuen San Kristobalera bueltatzeko eskatuz. Sasoi hartan harremana izan nuen Udalean zeuden alderdi politiko guztietako ordezkariekin; prozesu hartan gurekin izan zuten komunikazio-kudeaketan gure familiaren ezinegona azaldu nien. Guk ez genuen kalea horrela izendatzerik eskatu 1979an, ezta 2008an beste kale bati izen hori jartzea ere, baina Udalak gaiaren inguruan egindako kudeaketa hobea izan zitekeen.

2009an aldaketa egiteko kaletarren artean egindako herri-galdeketaren ondorengo Plenoan baitetsi zen emaitza eta, polemikatik ere izan zuen bilerak, aldaketak egiteko eta izen berriak sortzeko arautegi bat edo hainbat irizpide izatea beharrezkotzat jo zituzten zabaldutako eztabaidan. Alkatea ere batzorde bat sortzearen alde agertu zen. 2021ean gaude, hamabi urte geroago. Ordutik ez da ezer egin, askotan eztabaida gune izan arren. Eibarren badirudi Flandeseko Tertzioen gisakoak garela: atzera inoiz ez badugu egiten ere, batzuetan 180 graduko buelta eman eta aurrera jarraitzen dugunak. Beti aurrera.