Mikel Arrillaga
Mikel Arrillaga

"Barakaldokoa naiz eta..."

2018/09/26
Beti gustatu izan zait xehetasunei erreparatzea, detaile txikiei. Zuei ez? Badakizue zertaz ohartu naizen azken aldian? Esan egingo dizuet: Gero eta supermerkatu gehiago dago Eibarren. Garai batean fruta dendak ireki zituzten, fruta besterik jango ez bagenu bezala; horretaz ere jabetu nintzen, eta orain supermerkatuak, aizue.
Eroski, Lidel, Covirán, BM, Corte Inglesa, Dia, Clarel eta zalantzarik gabe, herritarrak gehien poztu zituena: Mercadona, merkea eta... ? Gainera, gehiago irekiko omen dituzte. Ez al da zoragarria? Non erosia eta zer erosia non nahi, eskura eta merke.
Itxi lantegiak eta ireki merkatal guneak. Barakaldotu gaitezen gu ere. Ez al dira ba pozez txoratzen bizi han? Max Center daukate; leku paregabea. Egin dezagun antzekoa Errebal Centerren, McDonals eta guzti! Zertarako Alfa zabalik? Ez al da hobe behingoz bota eta Ikea eder bat jartzea, hori eta urdin kolorez? Ikeagarria, ezta? Egia da lan baldintzak eskasagoak izango direla, gerra aurreko soldata eta ordutegiak, baina ze arraio! Gora Baraka!
Bitartean gure baserritarrak Rialto kanpoaldean lau porru txorta saltzeko hotzak akabatzen, hiriguneko denda txikiak hutsari kolpeka, eta kontsumitzaileak BMV-an Mercadonara. Krema onak omen dituzte bertan, eta hemen, azala askoz hobeto zaintzen dugu urdaila baino.