Leie Narbaiza
Leie Narbaiza

Bost urte

2025/02/07

Kandelarixo, San Blas, Santa Ageda bizperia, hartza esnatu dala… Otsailleko aste honek gogoratzeko moduko makinatxo bat egun dakaz. Sanblas opillen usaiñak betetzen dittu egun hónek gure etxiak, espezialak dirala jakitzeko beste datu bat gehixago. 

Oin bost urte, baiña, azken sanblas hondarrak amaitzeko geunkazela, Santa Ageda egunaren ostean etorri zan notizia: Eitzako zabortegia jausi zan. 

Santa Ageda ostea. Bost urte dagueneko, eta atzoko moduan eguena izan zan tragedixarena. Hasieran luperixia izan zala pentsatu genduan, lur hutsa jausi zala autopistara. Gero etorri zan errealidadia, tonaka zakar zeguala bertan, asko arriskutsuak, gaiñera. 

Bost urte pasau dira, eta denboriak eta osteko pandemixiak asko lanbrotu badau be, akordutik ez jaku desagertu egun hórretan bizi izandakua. Esango neuke ez dogula inoiz be ahaztuko. 

Kontu guztien gaiñetik, nere eritzixan, abandonua izan zan gogorrena. Abandonua bihargin bi desagertuta egon arren. Abandonatuta sentidu giñan, eta “bolantian” iñor ez zeguala konturatu. 

Agintarixengan nekan konfiantza txiki ha zihero desagertu jatan, eta herrittarrok inporta ez gentsela konturatu nintzan. Latza da hori sentitzia, baiña halaxe izan zan, eta ondiokan be hori sentidu eta pentsatzen dot. Harrokerixia izan zan nagusi, prepotentzia, eta ez zeben errukirik agertu Joaquin eta Albertoren famelixiekin. Halako trantzia pasatzen ziharduenendako babesik egon ezik, ezin besteok ezer espero. Anker jokatu zeben, zelba momentu batzuetan. 

Egun triste háretako sentimendua dira hórrek, gestionatzeko gauzaez ziranak eragindakoak. Baiña problemia ondiokan ez da konpondu, etxe onduan dakagu, jakin barik zer gehixago egon leiken bertan, denporia pasau ahala zelan eratzungo daben mendi-magalak. Damokleseko ezpatia hortxe.

Eta ez deigun ahaztu ez dakigula zein dan erruduna, zerk eragin zeban tragedixia. Horregaittik, inportantia da otsailleko egun hórren akordua gordetzia ez eze, geure eziñegona azaltzia, barriro gertau ez dein. 

Eitzagan dogu zitia domekan. Zaldibar argitu!