Leire Narbaiza
Leire Narbaiza

Dekadentzia

2026/01/19

Eibar gainbeheran dago, gordin eta zuzen diñot. Ez da kontu barrixa, baiña azken boladan dekadentzia sensaziñua gero eta haundixagua da, eta ez da nere kontua bakarrik, inguruko jendiak be antzera ikusten dau gure herrixaren egoeria. Siñisten ez badozue, egin bueltatxo bat zentrotik kanpora, baiña ez oso urrin be. Denda mordua itxitta, lokal hutsak, hormak ustezko grafitiz beteta, abandonatutako orubeak sasiz eta hondakinez jositta, lagatako eraikinak alperrik galtzen, txakur kakak lurrian… utzikerixia edonun. Matxarixa, Txonta, Urkusua, Mekola, Arrate bidia, Otaola etorbidia… Eibarko sarrera-urteerak, begi bistakuak.

Abandonu horren adibide garbixa zaborrontzixak dira: gaiñezka asko, kanpuan lagatako poltsak inguruan… zikiña ez eze, higoingarrixa be bada. Esango destazue jendiaren kulpia dala, eta izan bada. Baiña jendiari lagundu egin bihar jako gauzak ondo egitten: ganorazko ontzixak jarritta, zabaltzeko malabarismuak bihar ez dittuenak, mobilidade murriztua dakeneri kontainer egokixak ipinitta, hondatutakuak konponduta (Urkusuan uztailletik dago papel edukiontzi bat apurtuta eta anulauta, esaterako). Jendia gu gara, eta zikiñak gara, zabor-lekuak ikustia baiño ez dago. Baiña aittatu dodan guztia konpontzeko bai mankomunidadiak, bai udalak zeozer gehixago egin biharko leukie, neurrixak hartu zikinkerixia desagertzeko, eta herrixari itxura egokixagua eta goxuagua, bizigarrixagua egitteko.

Hori gitxi balitza lez, eraikin industrial abandonatuta ugari dittugu, balixo historiko eta arkitektonikua dakezenak be bai. Hórretako batzuk grafiti ganorabakoz “dekoratuta”, hakakorik biharko balebe moduan! Gure ondaria birrintze bidian dago holan. Baiña iñori ez detsa ardura, itxuria. 

Laster sei urte etorriko dira Zaldibarko zabortegixa amildu zana gure mugetan, izan deigun akorduan. Inguruak zaborrak hartu zittuan, baitta bihargin bi be. Akordau gaittezen Zaldibarkuaz, zabor eta zikin olatuak Eibar estali ez deixan, gainbehera gelditu deigun, dekadentziak ezer onik ez dakar eta.