Umoria
“Hau dek, hau dek, hau dek umoria, kontsolatzeko, kontsolatzeko euskaldun jendia” kantatzen genduan afalostietan kantatzen zan sasoietan. Umoria, euskaldun jendia. Euskaldun jendia umore bakua ei da, mantra aspergarrixa.
Juan San Martinek –bai, bibliotekakuak– liburu eder bi idatzi zittuan gure euskeran idatzitta, umorezkuak bixak: Zirikadak eta Eztenkadak . Bixak txiste eta anekdotaz betiak, Eibarko eta inguruko herrixetakuak; batez be, Plaentxiakuak, umoriaren euskaldunon hiruburukuak. Juan Martin Elexpuru bergararrak Pernando Plaentxiarra be etara zeban, estilo berekua, pasadizo eta kontu barregarrixekin. Baiña euskaldunok ez daukagu graziarik.
“Komediafest” izeneko monologuen antolatzailiak be hori pentsau dabelakuan nago: euskaldunak gatz bakuak dira, ez dogu ezer euskeraz programauko. Ostantzian, zelan aittu zortzi aktuaziño egoitia kartelian, eta bata be ez izatia euskeraz?
Izan leike, euskaldunak hain motelak eta txispa barikuak izanda, monologista euskaldunik ez egotia. Izan leike. Edo igual badagoz, baiña eskasak izatia. Balitteke (zelan zan, mediku ona ala euskalduna?). Kontua da bakarlari hórren artian bi euskaldunak dirala, eta batzuetan euskeraz be egitten dittuela emonaldixak. To eta no.
Ene, enpresa pribatu batek organizau dau –esango dau baten batek–, eta Sevillakua da, gaiñera. Konforme, hala izango da, baiña andaluzak izatiak ez detse enbarazurik egitten euskaldunak kontratatzeko (komiko onak ala euskaldunak?). Ez deigun ahaztu festibalari Komedia jarri detsela izena ka letrarekin, ez cerekin. Horrekin ez ete dabe euren euskalduntasuna erakusten?
Dana dala, enpresa horrek udal eraikin bat erabili bihar dau, Coliseua (cerekin), eta kartelian, beheko aldian logo guztien artean haundixena eta lehelengua Eibarko Udalarena da. Udalak ez ete desku garantizau bihar Eibarko euskaldunori (%53ori) gure hizkuntzan barre egitteko aukeria?
Baina euskaldunok ez dakagu umorerik, ez dakagu graziarik, ez txisparik. Kontsolatzeko, kontsolatzeko euskaldun jentia!