Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"COVID-19a eta kirola"

2020/09/29
Ez naiz batere originala, badakit, baina premia daukat honetaz berba egiteko. Sasoi aldrebesak bizitzen ari gara, arazo  eta kezka ugari ditugu, eta horiei aurre egiteko jarduera fisikoa edota kirola egitea gomendatu nahi dizuet.

Arriskuz inguratuak gaude eta badira batzuk etxetik gutxi irtetea erabaki dutenak; beste batzuk, ordea, saiakera egiten ari dira modu seguru batean aurretik  zituzten hainbat ohitura mantentzeko, baina horretarako ere, kasu batzuetan, erraztasun gutxi aurkitzen dira.

Ziurrenik etxetik ez irtetea izango da seguruena ez kutsatzeko; baina, irten eta kirola praktikatu nahi izanez gero, badago horretarako aukera haur, gazte, heldu eta nagusientzat.

Kirol talde, gimnasio edota udal baten azalean jarrita, merezi du kirol jarduerak eskaintzea? Garbi dago partaide kopurua eta praktikatzeko baldintzak oso mugatuta daudela eta ekonomikoki jarduera asko ez direla bideragarriak. Baina motibazio asko dago; jendearen pozak, sozializazioak (mugatua), osasunak... indarra eman behar digute aurrera jotzeko.

Eskola edo lantegi batzuetan mantentzen diren segurtasun-baldintza zorrotzak zaila da eguneko 24 orduetara zabaltzea, baina galdera bat egin nahi dizuet: non egon ahal dira haur edota gazteak seguruago, kalean, parkean jolasean, kontrolik gabe edota kontrol gutxirekin edo talde baten entrenamenduan  edota irakasle baten agindupean saio bat burutzen eta segurtasun-baldintzak betetzen?

Kirolak hezitzeko aukera ematen du, disfrutatzeko, osasun fisiko edota mentala hobetzeko, lagunak egiteko… Arriskuak gutxitu eta kirola praktikatzen jarraitu, hori da nire aukera.