Imanol Magro
Imanol Magro

"Igotzen ez diren pertsianak"

2016/02/12
Etxe hutsak arazo dira Eibarren. Asko daude, argi esan behar da. Inoiz igotzen ez diren leihoetako pertsiana asko daude herrian. Etxe huts bakoitza herriak eta  gizarteak jasan ezin duen luxu bat da, eta etxe horren jabeak luxu bezala ordaindu behar du. Jabe motak ugariak dira: banketxeak, maileguen bitartez banketxeen menpe dauden eraikuntza enpresak, eta hiritarrak, herentzien bitartez-eta jasoak batez ere.
Etxe huts horiek merkaturatzera behartzea erronka bat da. Lurra ondasun mugatua da,  eta jabea derrigortu egin behar da etxebizitza merkaturatu dezan, eta ahal bada alokairuan. Prezio  errealistetan gainera, saldu edo alokatu gabeko denbora pasa ahala presioa handituz. Orain arte jabea seduzitzea izan da bidea, diruz lagunduz, edota salbuespenez jositako zerga igoera txikiekin. Sedukzioaren bideak historikoki kale egin du,  euskalgintzan edo  feminismoan ikusi den  bezala. Pauso bat gehiago eman behar da neurriak eraginkorrak izan daitezen, eta etxebizitzekin ere bai.
Jabetza pribatua jainkotua dagoen gizarte batean, inposiziotzat hartuko dituzte zenbaitek halako neurriak. Errenta aitorpena edo trafiko arauak, ordea, gizarte osoak onarturiko inposizioak dira, eta etxebizitza hutsen arazoa hain larria izanda konponbidea bide horretatik iritsi beharko da. Hala egin ezean, inor ez dadila harritu herriko biztanle gazte kopurua apurka jaisten ari dela ikustean.