Aitor Buendia
Aitor Buendia

"Ekoturista zara… eta harro zaude!"

2021/07/13
Gogoan dut txikitan Matxariatik pasatzen nintzela aitarekin Perales baserrira igotzeko. Heldua izanik ere, sekula ahazten ez diren kontuak dira. Eibarko “BOJ” enpresa historikoaren parean, aldapa bat hartzen genuen, eta ia naturalak ziren bide batzuetatik Arrateko errepideraino ailegatzen ginen. Handik Usartzara bidexka bat, konsome on bat, Ixua…eta Akondiara igotzen jarraitu, eta gero Kalamuara. Beno… eta gogoa izanez gero, Arratera itzuli, aurrez Krabelinetik pasatu ondoren, eta San Pedroraino jaitsi, Elgoibarren. Hori guztia, jakina, aurrez Kantabrian beste hamarretako bat egin ostean.

Bakoitzak bere esperientzia mendizale berezia izango du, baina, denak etorriko gara bat honako honetan: Debabarrenak ibilbide eta zoko benetan ikusgarriak eta ederrak ditu, askotan kontuan hartzen ez ditugunak. Baina ez zeharkatzen ez ditugulako, baizik eta agian ez garelako ohartzen gure hirietatik kilometro gutxira dugun natura-ingurune zoragarriaz. www.debabarrenaturismo.com webguneari begiratu bat ematera animatu nahi zaituztet, gure eskualdean ditugun aukerez jabetzeko: Geoparkea, itsasoa eta hondartza, gure ondare industriala…

Baina… Zertara dator ekoturistarena? Gelditzeko etorri den hitz horietako bat dugu. Primeran datorkit lantzen ari naizen gai honetarako, eta, ziur asko, irakurle maite, zu ere ekoturista zara dagoeneko. www.soyecoturista.com webguneak dioena aipa genezake, baina laburbiltzen saiatuko gara:

- Prismatikoak daramatzagu naturaren eta animalien behaketa gustatzen zaigulako. Ez dago haien bizitza oztopatu edo eten beharrik, haien habitat naturala aldatu beharrik.

- Jateko zerbait eramaten badugu, ez ditugu inoiz soberakinak botatzen. Adi! Ezta mandarina edo bananaren azalak ere. Oso organikoa izan arren, ez dugu ingurunea alteratzen soberakinekin

- Jatera goazen establezimenduetan, ahal bada txorrotako ur pitxer bat eskatuko dugu, baina mineralizatua nahi badugu, gure eskualdekoren bat (kasu honetan, argi daukagu: Alzola).

- Eta, ahal den neurrian, denborazkotasuna eskaintzen diguten lekuetara joko dugu, bertako produktuz egindako platerak, errezeta tradizionalak, Slow Food estilora. Eta Euskadiko gure edariak (Arabako Errioxa JD, Txakolia JD, Euskal Sagardoa edo Euskal Garagardoak)

- Azkenik, egon behar dugun lekuko pertsonekin enpatizatu. Jasangarritasunari mesede egingo diogu haren produktuak eta artisautza kontsumituz, baina baita haien jakituria kontsumituz ere ere, eta haiei entzunez, partekatuz…

“Ekoturismoa egiten dugunean, bisitatzen ditugun lekuak ezagutzeaz eta haietaz gozatzeaz gain, bertako balio naturalak eta kulturalak babesten ditugu eta bertako biztanleen garapen sozioekonomikoa bultzatzen dugu”

Gure eskualdeak aukera paregabea eskaintzen digu praktikan jartzeko. Gure bailaretan, gure kostaldean, gure establezimenduetan, landa-hoteletan, ekoizle txikiak bisitatzen eta, ondoren, haien produktuak erosten, esperientzia paregabeak izaten.

…eta kitto!-ren ale honek laburpen on bat jasotzen du, hori guztia praktikan jarri ahal izateko.

Ekoturista zara, ezta?

Foto Ego IbarraObservatorio-de-Ecoturismo.-Foto-Luis-Frechilla-2