Arrate Garitaonandia
Arrate Garitaonandia

"Elkarrekin hazi"

2017/04/28
Pertsonok haragiz, pentsamenduz, ideiez, emozioez eta jarrerez eginda gaude, elkarlotutako gauza guzti horiekin. Emozioen sorreran pentsatzen badugu, haurtxoaren sorreraraino jo beharko dugu, haren zaintzaileraino eta bien artean ezarritako azalez-azaleko harremanetaraino. Hor eta ez beste inon dago gure emozioetako esentzia. Harreman oinarrizkoenean, zelan ukitzen, berba egiten, begiratzen, eusten eta laztantzen dioten arabera haurtxoa osatzen joango den mapan. Sentsazio horien amalgama izango da bere emozio-esperientziak lantzeko “materia”. Lehenengo atsegin/ezatsegin sentsazioei jarraituz; gero, haurtxoa hazten doan neurrian, “emozio gailua” fintzen joango da. Sentsazioen errepertorioa zabalduko da, eztarri-soinu, keinu eta gorputz-imintzioz lagunduta, haurtxoak zeozer gustuko duen edo ez adierazteko erabiliko dituenak. Aipatutako elkarlotura hori, ezin oinarrizkoagoa hasieran, fintzen joango da esponentzialki konplexutasun handira heldu arte. Nortasuna deitzen dugun hori oso lotuta dago gure lehen harremanei. Umeek euren emozioak gordinki azaltzen diztuzte, gutxinaka adierazpen hori moldatzen ikasi arte, beste ume bati emandako zapladakoa, esate baterako, adierazpen landuagoa bihurtuz: -ez, ez dut nahi- (lengoaia menperatzen duten neurrian). Batzuetan helduek txarto interpretatzen dute jo eta bultzatzeko umeen oldarrak... nortasun adierazle gisa. Adin txikietan ematen diren erreakzio naturalak dira, gutxi findutako emozioek eragindakoak, heldutasun faltak horretara bideratutakoak. Hortik gurasoen eta hezitzaileen garrantzia halako erreakzioak ulertzeko narratiba egiterakoan: haserre dago, ez zaio gustatzen... ahotsa eman, epaitu gabe, haurraren emozioak itzuli. Azken batean, txikiei emozioak doitzen laguntzea da ongarri onena haien garapen egokienerako.